Itxi

telebista

22:20an, ETB2n

'Pederastia, inozentziaren amaiera', gaur, 'Objetivo Euskadi'n

Azken asteotan hurbil bizi izan dugun gai bat izango du aztergai ‘Objetivo Euskadi’ erreportaje saioak; pederastia, hain zuzen ere. Gaur izango da ikusgai, 22:20an, ETB2n.

  • Objetivo Euskadi

    Objetivo Euskadi

Tentuz hartzeko gaia da pederastia, eta gure inguruan ez dela gertatzen uste izan arren, azken asteotan oso hurbiletik bizi izan dugu gaia. Izan ere, Gaztelueta ikastetxeko (Leioa) irakasle batek ustez adingabe bati egindako sexu-abusuen kasua epaiketa prozesuan dago gaur egun. Bestalde, beste ustezko pederastia kasu baten berri ere izan dugu azken asteotan, Gasteizko haur baten aitak salatu duenez. Hori dela eta, ‘Objetivo Euskadi’ saioak pederastiaren inguruko hausnarketa egin du.

Biktimen zein adituen testigantzak

Gaztelueta ikastetxean duela zazpi urte ustez gertatutako pederastia kasua hobeto ezagutzeko, hango zuzendariarekin eta ustezko biktimaren aitarekin hitz egin dugu. Ez datoz bat gertatutakoaren inguruan, baina gertatutakoa argitzea eta justizia egitea nahi dute biek. Getxoko auzitegian aztertzen ari diren kasuak Aita Santuaren arreta ere piztu du.

Iraganean ere izan da, baina, antzeko kasurik. Jose Ramon Blazquez idazleak, esaterako, haurtzaroan bizi izandako abusuak eman ditu jakitera. 60ko hamarkadan jazo zen, Bilboko barnetegi batean. Inolako babesik gabe sentitzen zela adierazi du Blazquezek, eta indarkeria zein abusuak ohikoak zirela gaineratu du.

Patxi Bereziartuaren esanetan, milioi bat kasutik behin gertatzen da berari gertatutakoa. Irakasle honi pederastia egotzi zioten, eta, sei urte geroago, bizitza goitik eta behera aldatu eta gero, kargurik gabe aske utzi zuten.

Halaber, adituak ere jasoko ditugu, horien iritziak jakiteko: Cristina Gerrika-Etxebarria psikologoa, Gemma María Varona ikertzailea eta Javier Urra adingabeen defendatzaile ohia, besteak beste. Adierazpen horiek guztiak pederastiaren inguruko ‘Objetivo Euskadi’ erreportaje saioan izango dira ikusgai, gaur, ostirala, 22:20tik aurrera, ETB2n.