Itxi

telebista

Elkartasun kanpaina

'El Pucherazo de Robin Food' babarrun jate herrikoia, gaur, Bilbon

EITB

Bilboko Itsas Museoaren alboan ospatuko den babarrun jatean bildutako dirua EITB Maratoiarentzat (gaixotasun arraroen ikerkuntzarako) izango da.

David de Jorge eta ETB 'El Pucherazo de Robin Food' ekimena prestatzen ari dira. Babarrun jate herrikoia egingo da Ramon de la Sota kaian, Itsas Museoaren alboan dagoen gune zabalean. Ekitaldi horretan aurtengo EiTB Maratoiarentzat dirua bilduko dute.

Hartara, gaur, 13:00etan, Bilboko kaira hurbiltzen diren guztiek euro baten truke babarrunak jateko aukera izango dute eta, aldi berean, EiTBren elkartasun kanpainan parte hartu. Bildutako dirua gaixotasun arraroen ikerkuntzarako izango da. Horixe baita aurten EiTB Maratoiaren ardatza.

David de Jorge sukaldariak Saltsan catering enpresaren laguntzaz prestatuko ditu babarrunak. Bertan, mila babarrun bete ontzi banatuko dituztela espero dute. Ontzi pertsonalizatu hauek parte hartzaileek etxera eraman ahal izango dituzte oroigarri gisa. Eltzekoa prestatzeko 60 kilo babarrun, 40 kilo urdai, 40 kilo txorizoa, piperrak, tipula, porruak eta azenarioak erabiliko dituzte.

Eusko Labelek ere babestu du ekitaldia, babarrunak eta Ibarrako piperrak eskainiz. Halaber, Jon Gomez aurkezlea arduratuko da ekitaldia girotzeaz.

Hondarribiko sukaldariak errezeta eta 'guarrindongada'rik onenak ikus-entzuleekin elkar banatzen ditu arratsaldero 'Robin Food' saioan, iluntzeko 'Teleberri' albistegiaren aurretik, 20:20ean. Umorea, entretenimendua eta sukaldaritza dira, beti ere, bere izaeraren ezaugarri nagusiak.