Itxi

telebista

Urte Zaharreko bereziak

Donostiako Tabakaleratik emango dio ongietorria urte berriari ETBk

A.H. | EITB

'Kaixo 2016' saioak urte amaierako kanpaiak eskainiko ditu, Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuta. Aurretik, ETB1ek eta ETB2k umore saio bereziak eskainiko dituzte urte zaharra agurtzeko.

  • goenaga landa

Euskal Telebistak urte amaierako kanpaiak Donostiako Tabakaleratik eskainiko ditu bi kateetan. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren urteari ongietorria emango dio Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuko duten 'Kaixo 2016' saio bereziak, eta haiekin batera, euskal kulturaren ordezkari nabarmenak eta DSS2016EUko protagonistak egongo dira.

'Kaixo 2016' saioaren aurretik, umorea izango da nagusi bi kateetan. ETB1ek, 'Urte berri hor' saioa eskainiko du, eta Ibon Gaztañazpiren gidaritzapean, 'Zuek hor!'' saioko pertsonaia ezagun eta xelebreenek barrez esango diote agur 2015 urteari. ETB2n ordea,'Vaya Semanita'ko lantaldeak '¡Feliz escaño nuevo!' saioarekin agurtuko du urte zaharra, beti ere sketch eta egoera dibertigarriez beteriko saioa eskainiz.

'Kaixo 2016' saioa ETB1en eta ETB2n

Euskal Telebistak oso saio berezia prestatu du urte berriari hasiera emateko. Barbara Goenagak eta Klaudio Landak aurkeztuta, 'Kaixo 2016' saioak kanpaiak eskainiko ditu Donostiako Tabakaleratik eta 23:50ean hasiko da ETB1en eta ETB2n. Aurkezleekin batera, kulturan protagonista izan diren lagunak egongo dira eta, nola ez, DSS2016EUko protagonistak, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren urteari behar bezalako ongietorria emateko prest.

Gabon Zahar honetan, Loreak nazioarteko errekonozimedua lortu duen ekoizpenaren lan-taldeko kideak egongo dira gonbidatuen artean, besteak beste, Nagore Aranburu, Itziar Ituño, Egoitz Lasa, Itziar Aizpuru, Josean Bengoetxea, Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendaria eta Josean Fernandez Euskadiko Filmategiaren zuzendariak ere parte hartuko dute hitzordu berezi honetan.

Horrez gain, hainbat musikari eta artista izango dituzte Barbarak eta Klaudiok bidelagun: Joseba Irazoki, Giorgio Bassmatti, Nagore Etxabe, Haritz Elizegi, Javi Pez, Aritz Zabaleta  eta Los Bracos.

Argi bola handi batek gidatuko ditu ikus-entzuleak Tabakaleran barrena, ibilbidean topatuko ditugun 2016ko ekimenak erakutsiz: Dance2gether, Hirikilabs, Music Box Festibala, Altzoko Handia, Biziz, Zapart, Winter Solstice Call. Saio berezia Tabakalerako terrazan amaituko da. Bertan, aurkezleek kanpaien kontakizuna egingo dute eta ondoren, gonbidatu guztiekin urte berriarengatik topa egingo dute.

Urte Berri Hor ona

'Urte berri hor' ETB1en

ETB1ek 'Urte berri hor' saioa eskainiko du 'Kaixo 2016' saioaren aurretik, eta kanpaien emanaldiaren ondoren, saioak aurrera jarraituko du. Ibon Gaztañazpiren gidaritzapean,  'Zuek hor!' saioko pertsonaia ezagun eta xelebreenek Idahora egingo dute bidaia. Bertan, euskal jatorriko Michael Arejitak eta Mary Lou Ordorikak egingo diete harrera eta euskaldunek zein amerikanoek, elkarrekin, ospatuko dute urtezahar gaua.

2016a umorez hasteko, Anjel Alkain, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreek urteko lehen barre-algarak sortuko dituzte, La Jaio, Niko Etxart, Ruper Ordorika, Gorane eta Andoitz, Natxo de Felipe, Maddalen Iriarte eta beste hainbat pertsonaia ezagunen larruan.

Umorez eta festaz beteriko saio honetan, ez da musikarik faltako Zukutu Band, Aitor Gabilondo eta Maddalen Arzallusen eskutik. Musikarik onenarekin agurtuko dute 2015a, eta dantzan hasiko dute urte berria, modako abestiak eta kantu klasikoenak nahastuz.

Saioak ordu bete iraungo du kanpaikaden aurretik, eta beste ordu bete kanpaikaden ondoren, eta momentu dibertigarriak, umorezko sketxak eta sorpresa ugari biziko dituzte ETB1en, gaueko 23:00etatik aurrera.

'¡Feliz Escaño nuevo!' ETB2n

'Vaya Semanita' saioak '¡Feliz escaño nuevo!' bereziarekin agurtuko du urtea. Sketx eta egoera dibertigarriez beteriko atal berezia, 23:00etatik aurrera emitituko da ETB2n.

Ikus-entzuleek, besteak beste, Nekane Amaya ETBko Gabon zaharreko kanpaikaden filmaketan sartzen ikusiko dute, eta Goretik bere aldetik, Euskotillón bat nola antolatu behar den azalduko du detaile guztiekin.

Bestalde, gabon hauetan izan den oparirik gustukoena zein den azalduko du saioak: Mariano Rajoyren txisterik onenak biltzen dituen zinta, hain zuzen ere. Horrez gain, Ana Pastorrek Errege Magoak gogor elkarrizketatuko ditu, eta musika eta kontzertuek oso toki berezia izango dute saioan. Urteberri Eguneko benetako kontzertua eskainiko dute, eta 'La Gozadera' musikala estreinatuko dute, non politikariak, hauteskunde orokorren ondoren, kantuan arituko diren.

Vaya Semanita Feliz escaño nuevo