telebista
Gabonzahar eguna
'Urte berri on, amona!' eta 'Aupa Etxebeste' filmak, gaur, ETB1en
eitb.eus
EiTB
'Aupa Etxebeste' komedia 16:30etik aurrera izango da ikusgai, eta 'Urte berri on, amona!', berriz, 18:15ak aldera.
-
Aupa Etxebeste
Euskal zinemari ateak irekiko dizkio aurten ere Euskal Telebistak Gabonzahar egunean. 'Aupa Etxebeste' komedia 16:30etik aurrera izango da ikusgai, eta 'Urte berri on, amona!', berriz, 18:15ak aldera.
Patricio Etxebeste txapel fabrika bateko zuzendaria da Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendarien 'Aupa Etxebeste' pelikulan. Herriko gizon garrantzitsuenetako bat da eta datozen udal hauteskundeetan alkate izateko aurkeztuko du bere burua. Inork ez daki bere enpresak hondoa jo duela eta dirurik gabe geratu dela.
Herrikoen aurrean itxurak egitearren, etxean gordeta pasatuko dituzte oporrak. Itxurakeriak alde batera utzi eta, euren arteko gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratu ondoren, bizitzako oporrik onenak pasatuko dituzte.
Ondoren, 18:15ak aldera, Telmo Esnal zuzendariaren 'Urte berri on, amona!' komedia beltza eskainiko du Euskal Telebistak. Montserrat Carulla, Josean Bengoetxea, Nagore Aranburu, Pedro Otaegi eta Kontxu Odriozola dira, besteak beste, pelikulako protagonistak.
Mari amona berezi samarra zaindu behar duen familiaren gatazkak azaltzen ditu pelikulak. Mari amonak Maritxu bere alabaren arreta osoa bereganatzen du; beraz, Joxemarik –Mariren suhia eta Maritxuren senarra– amaginarreba zahar-egoitza batean sartzea erabakiko du. Joxemarik bere emaztea ohartu gabe egin beharko du hori, Kintxo bere suhiaren laguntzarekin. Hasiera batean lan erraza diruen arren, amonaren izaera dela-eta, ustekabeko egoerak sortuko dira.
Gatazka umorez azaltzen du zuzendariak, baina hainbat gairi buruzko hausnarketa ere proposatzen digu, besteak beste, bakardadearen beldurra, balioen galera, norberekoikeria eta familiaren desegituraketa.