Itxi

telebista

Esperanza Aguirre, gonbidatu

Gaur itzuliko da 'Todos Los Apellidos Vascos' saioa ETB2ra

A.H. | EITB

Olga Zabalgogeaskoak aurkeztuta, Esperanza Aguirreren arbaso eta istorio familiarretan barrena murgilduko da denboraldiko lehen atala.

1:57

'Todos Los Apellidos Vascos' ETB2ko ordutegi nagusira itzuliko da gaur, 22:30ean. Gonbidatu berezia izango dute denboraldiko lehen atal honetan: Esperanza Aguirre. Olga Zabalgogeaskoak aurkeztutako saioa Esperanzaren familiaren arbaso eta istorioetan barrena murgilduko da, gonbidatuak ezagutzen ez zituen hainbat datu eta informazio emanez.

Denboraldian zehar, pertsonaia ezagunak hartuko dituzte protagonista: besteak beste, Juanma Lopez Iturriaga, Ainhoa Arteta, Javier Clemente, David de Jorge, Boris Izaguirre, Mocedades musika taldeko Uranga familia, Lucio Urtubia, Willie Toledo, Juan Mª Atutxa, Asier Illarramendi, Mikel Urmeneta eta Marilo Montero.

Lehen atala, Esperanza Aguirre

Gaztelan, Irlandan, Katalunian eta batez ere Euskal Herrian topa daitezke Esperanza Aguirreren aztarnak. "Euskal portzentaia handi dut nik odolean", aitortuko dio Olga Zabalgogeaskoa aurkezleari. Gonbidatu moduan topiko guztiak hautsiko ditu, oso zorrotza izango da eta azterketa gogorra egingo dio saioari. Alabaina, bere naturaltasuna ere erakutsiko du. Nortasun handiko emakume honen ibilbide politikoa ezagutzen dugu. Baina 'Todos Los Apellidos Vascos' saioko lan-taldeak politika alde batera utziko du, eta bere bizitzaz eta familiaz arituko da berarekin.

Saioko historialari taldeak ezagutzera emango duenez, Esperanza Aguirreren amak eta aitak euskaldun jatorria dute. Haien arbasoak bizi izan zireneko baserri eta inguruei buruz, utzitako ondareaz eta izan zituzten lanbideez azalpenak emango dizkiote Esperanzari.

Donostiari buruz ere mintzatuko dira saioan zehar. Hiria zenbat maite duen aitortuko du Aguirrek, estropadak, Danborrada Eguna, gastronomi eskaintza zabala gustukoak dituela. Hain zuzen ere, bere arbasoak Donostiako goi mailako elkarte eta erakundeen sorreran partaide izan zirela jakingo du. ETB2ko saioak Esperanza Aguirreren familiaren inguruko datu interesgarriak emango ditu, ikus-entzuleak ez ezik, gonbidatua bera ere txundituta utziko dituztenak.

Saioaren dinamika

Lan-taldeak gonbidatuaren lehen zortzi abizenak eta arbaso hurbilenen zerrenda eta jatorria hartuko ditu ikerketaren oinarri gisa. Helburua, familiaren zuhaitz genealogikoa osatzea eta haien bizimodua ezagutzea izango da. Tartean, protagonista harrituta utziko duten datu eta istorioak topatuko dituzte.

Historialari taldea Silvia Carnicerok, Maria Gonzalezek, Alberto Santanak eta Juan Manuel Gonzalez Cembellinek osatuko dute. Eurekin lan ildoak finkatuko ditu saioak eta beharrezkoa bada, beste historialari edo aditu batzuk ere parte hartu dezakete.

Hortik aurrera, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba edo Iruñeko elizbarrutiko artxiboak bisitatuko dituzte. Jaiotza, ezkontza eta heriotza agirien artean ikertzen ibiliko dira. Arbasoen soslaia egiteko datuak ateratzen saiatuko dira, garaiko ohiturak begiratuko dituzte, esate baterako. Horrez gainera, arbaso galduen arrastoa jarraituko dute eta zuhaitz genealogikoa garatu. Protagonista bakoitzak duen historiaren arabera, Erdi Aroraino iritsi daitezke. Horrela, ikuspegi soziologiko eta antropologikotik eta bizipenen alderditik begiratuta, informazio interesgarria topatuko dute.

Ikerketa lan honekin guztiarekin, protagonistarekin bilduko dira bere biografiaren inguruko aurkikuntza eta pasadizo bereziak kontatzeko. Aldi berean, bere iragan hurbileko, haurtzaroko eta gaztaroko bizipen, leku eta objektuekin protagonista txundituta uzten saiatuko dira.