Itxi

telebista

ETB1en eta ETB2n

Irantzu Garcia curling txapelduna, 21:00etan, 'BAT To Rio' saioan

A.H. | EITB

Binakako mixtoen kategorian Espainiako txapelduna izan da, eta kirol honetan izan dituen hastapenak azaldu eta burutzen dituen entrenamendu gogorrak azalduko ditu.

  • Irantzu eta Gontzal Garcia curling

    Irantzu eta Gontzal Garcia curling

Irantzu Garciak, bere neba Gontzalekin batera, curling-eko binakako mixtoen modalitatean Espainiako Txapelketa irabazi zuen joan den asteburuan, eta bera izango da aste honetako 'BAT To Rio' saioan protagonista. Nahiz eta Euskadin kirol oso ezaguna ez izan, BASQUE TEAMek baditu bere bekadunen artean curling-eko bi jokalari; Irantzu eta bere lehengusua, Sergio Vez. 2014an batera lortu zuten brontzezko domina binakako mixtoen Munduko Txapelketan. Orain banandu dira, baina biek dute buruan 2018ko Pyeongchangeko (Hego Korea) hitzordua. Orduan, lehen aldiz, izango da modalitate hau olinpikoa.

Irantzuk eta bere bikotekide berriak, Gontzal bere nebak, joan den asteburuan, Espainiako Txapelketa irabazita, Karlstad-en (Suedian) apirilaren 16tik 23ra jokatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten. Munduko Txapelketan puntuak pilatzea oso garrantzitsua izango da jokoei begira.

'BAT To Rio' saioan eskainiko duen elkarrizketan, Irantzuk curling-ean izan zituen hastapenak errepasako ditu. Euren gurasoek familian egiteko modukoa zen denbora-pasa bilatu zuten, eta hasierako zaletasun bitxi hura jarduera profesional bilakatu zen neba-arrebentzat. Aldi berean, azalduko du olinpiar kirol baten entrenamendu eta lehiaketa zorrotzak Medikuntzako ikasketekin eta ingelesezko irakasle izatearekin uztartzea ez dela batere erraza.

Irantzu Garciak (1992/7/14) izotz patinajea egiten zuen, baina 2003an hura itzi eta curling-era pasatu zen. 2004an bere lehen txapelketan hartu zuen parte, Emakumezkoen Espainiako Txapelketan, eta 2008an binakako mixtoen Munduko Txapelketan aritu zen, Finlandian. 2014ko Munduko Txapelketan brontzezko domina lortu zuen bere lehengusu Sergio Vezekin batera. Binakako mixtoen Espainiako txapelduna izan da 2008tik 2016ra (joan den asteburuan titulua berretsi zuen bera baino bost urte gazteagoa den Gontzal bere nebarekin) eta emakumezkoen 2015eko Espainiako Txapelketan urrea erdietsi zuen.

'BAT To Rio' larunbat honetan emitituko da, 14:45ean, ETB2n; eta 21:00etan, ETB1en.