telebista
'El Conquis'en 8. atala
Cesarren traizioa eta Martintxoren kanporatzea, pirañen salbazioa
Pirañek immunitate jokoa irabazi dute Txapelari esker. Naiarak Martintxo kanporatu du dueluan, eta Cesar pirañen taldera pasatu da.
Cesarrek anabasa sortu du anakonden taldean "El Conquistador del Amazonas" saioaren 8. atalean. Patxi Salinas oso harro zegoen bere taldearen giro onarekin, baina ez zuen espero venezuelarrak Pandoraren kutxa irekiko zuenik. Honakoak esan zituen Cesarrek: "Conquis" "bulegarientzako telerrealitate saioa da", bere taldekideren bati "mongoliko" deitu zion, etxera zihoala esan zuen… Purrustadekin hasi zen immunitate jokoan, eta bileran taldekideei esan zien ez zuela taldearen giro txarra jasaten. Jakina, Patxi ez zen isilik gelditu, eta bereak eta bi bota zizkion eskalatzaile venezuelarrari. Talde guztiak aurpegiratu zizkion gaizki egindakoak, Martintxok eta jaguarrek (Leku oso azkarra da, eta Artzai, on hutsa) izan ezik.
Iskanbilaren ostean, Cesarrek taldea utzi zuen, baina ez zen etxera joan, pirañen kanpamentu aberatsera baizik. Peio Ruiz Cabestanyren taldeak beso zabalik hartu zuen taldekide berria: fisikoki oso indartsua da, hurrengo izendapenetan komodin bezala erabil dezakete, eta aurkarien inguruko informazio asko eman diezaieke. Baina kontuz; izan ere, "iheslaria", anakonden taldean egin duen bezala, edozein unetan bazterrak nahasteko gai da. Saioa oso interesgarri dago. Ea zer nolako aurpegia jartzen duten hurrengo immunitate jokoan Patxik, Iñigok, Erkuk eta gainerako anakondek Cesar aurkarien taldean ikusten dutenean. Barregarria izango da.
Aste honetako saioan jakin dugu nortzuk diren Patxi Salinasen "ukiezinak". Athleticeko jokalari ohiak argi dauka ez dituela arriskuan jarriko Erku, Juanma eta Iñigo. Gainerako anakondek bizimodua atera beharko dute. Hori egin zuen, hain zuzen ere, Naiarak Martintxoren aurkako dueluan. Buruz burukoa aproposa zen pilates irakasle batentzat, eta faboritoak irabazi zuen. Martintxo galduta ibili zen. Saioa gogorregia izan da ermuarrarentzat. Larrutik ordaindu du Cesarrekin duen adiskidetasuna, izendatu egin baitute. Lehiakideak jokatzen ari dira: behar bezala ari ez dena eta taldearen diziplinari uko egiten diona izendapenetan galtzaile izatera arriskatzen da.
Egia esan, Patxiren ukiezinetako bi ez ziren gai izan puzzlearen immunitate jokoan garaipena lortzeko. Iñigo eta Erku nahiko trakets aritu ziren hondartzako kuboarekin. Zalantzarik gabe, Txapela izan zen onena, eta azkarra dela erakutsi zuen. Badirudi kanpamentu oso txiroan eman dituen egun luzeek horren adimena zorroztu dutela, eta, Ainarak sortutako nahaspilari berehala aurkitu zion irtenbidea. Txapelak kanpamentu aberatsa ezagutu du, egun handia da portugaletetarrarentzat.
tetarrarentzat.