Itxi

telebista

22:00etan

Atxondon izango da gaur 'Herri Txiki, Infernu Handi'

A.H. | EITB

Herriko biztanleen istorio eta bizitzeko moduan barrena murgilduko dira Zuhaitz eta Pagadi.

0:22

Atxondo bisitatuko dute gaur Pagadik eta Zuhaitzek. Atxondo Durangaldean dagoen elizatea da eta hiru herritxok osatzen dute: Apatamonasterio, Axpe eta Arrazola. Anboto mendiaren babesean dago Atxondo, eta mendi hori da Mari jainkosaren etxea ere bai. Pagadi eta Zuhaitz autobusean iritsiko dira Apatamonasteriora Durangotik. Eguraldi nahasi eta hotza izango dute lagun egun osoan zehar.

Pagadik Axpen hasiko du bere bisita. Han topatuko du bere baserriko tailertxoan artzaientzako eta baserritarrentzako makila eleganteak egiten dituen gizon bat. Lehiaketetan txapel ugari irabazitako gizonak, makilgintzan ez ezik, beste diziplina askotan ere txapelduna dela kontatuko dio Pagadiri. Oilaskoak lumatzeko aparatu bitxia duen bikote bat ere ezagutuko du, eta garbigailu itxura duen aparatu horrek nola lan egiten duen ikusiko du. Axpeko elizako aterpean, bi emakume eserita ikusi eta haiekin solasean arituko da Mari jainkosaren inguruan. Haiek kontatuko diote Mari Urrake sorginari buruz gurasoek txikitan kontatzen zieten istorio beldurgarria. Basora egingo du salto ondoren Pagadik. Han bere txakurrarekin oilagorretan dabilen emakume ehiztaria topatuko du. Autokarabana eder baten jabea ere ezagutuko du. Bere etxeko jardinean ondo babestuta izaten du autokarabana hori eta Pagadik barrutik ezagutuko du. Ikuilu polit batean afizioz animalia piloa duen gazte batekin amaituko du eguna Pagadik. Ikuilutik ikusten den Anbotoren bista ikaragarria da, eta hari begira lasai lasai mokadutxo bat jaten amaituko dute, gazteak Pagadiri duela urte asko Mariri eskatu zion desioa zein izan zen aitortuz.

Zuhaitzek Apatamonasterion abiatuko du bere egunpasa. Surflari itxura duen baserritar gazte batekin solastuko da gazteak kalean duen salmenta postuan. Euritik eta txingorretik babesteko, taberna batera sartuko da ondoren, eta han ezagutuko du Atxondoko masajista ezagun eta xelebreena. Arrazolara jauzi egingo du ondoren. Anbototik ura zuzenean dakarren iturri batean ura hartzen topatuko du gizon bat, eta ur horren propietate onez hitz egingo dio Zuhaitzi. Kazkabar ekaitz handi baten erdian, babestokia aurkituko du auto baten barruan, eta han ezagutuko du, lasai lasai deskantsua hartzen, egunero paseotxoa egin ondoren auto barrura deskantsatzera sartzen den atxondoarra. Ondoren, Euskal Herriko perratzaile gazteena ezagutuko du. 25 urteko gazteak bere zaldiak erakutsiko dizkio Zuhaitzi. Amaitzeko, egunero briskan jolastera bi amama autoan eramaten dituen gizon bat ezagutuko du, eta hirurekin batera abiatuko da kotxean briska partida jokatzen duten tabernara.

'Herri Txiki, Infernu Handi' gaur emitituko da, 22:00etatik aurrera, ETB1en.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista