Itxi

telebista

Asteburu honetan

Proteinak izango dira 'Teknopolis' saioko protagonista

A.E. | EiTB

Ekoizpen-prozesuetan soberan sortzen diren proteinei irtenbide egokia bilatu asmoz abian diren ikerketa-egitasmoen berri emango dute saioan.

Aste honetan proteinak izango dira 'Teknopolis' saioan protagonista. Ekoizpen-prozesuetan -gazta, lekaleak edo izokina- soberan sortzen diren proteinei irtenbide egokia bilatu asmoz abian diren ikerketa-egitasmoen berri emango dute, eta horietan oinarrituz merkaturatuko den produktu berri bat ere ezagutuzera emango dute.

Soberakin dauden lekale hondakinak aprobetxatu eta berrerabiltzea lortu dute Leguval proiektuan parte hartzen duten Europar Batasuneko eragile eta ikerketa-zentroek, tartean Tecnaliak. Ilarren hondakinetatik abiatuta bioplastikoa egitea lortu dute, plastiko biodegradagarria. Ilarren proteinak erabiltzen dituzte horretarako, termoplastikoak baitira.

Hilabete honetan merkaturatu den Gaxura izeneko produktuaz ere arituko dira saio honetan. Gaztaren elaborazio prozesuan sortzen den azpiproduktu nagusia, hau da, gazura da Gaxuraren lehengaia. Leaktiker ikerketa zentroa, Lea Artibaiko landa garapenerako agentzia, Miba kooperatiba eta hiru gaztandegi elkarlanean aritu dira Gaxura izeneko produktuaren garapenean, eta Asteasuko gaztandegi batek merkaturatuko du.

Haztegietan hazitako izokinak ere arrain-xerratan merkaturatzen dira, eta soberakinei irtenbide egokia emateko asmoz Europa mailako ikerketa abian jarri dute. 'Teknopolis'ek ikerketa horri ere erreparatuko dio. Hartzitutako izokin pastela izan da ikerketa-egitasmoaren emaitza. Hartzidura prozesua kontrolatu ahal izateko, eta zapore eta testura egokia izango duen produktua lortzeko, bakterio egokiak aurkitzea izan da ikerketaren gakoa.

Alzheimer gaitzaren oinarrian ere proteinak daude. Gaitzaren ezaugarrietako bat oroimen galera da, eta ondorio horri aurre egiteko ahaleginak zertan diren jakingo dute. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa-talde bat Alzehimer gaitza duten pertsonetan oroimen-galerak saihesteko modua bilatzen ari da, eta saguetan emaitza itxaropentsuak lortu ditu. Alzheimerra duen burmuina nolakoa den, zer ezkutatzen duen, eta arazoari erremedio funtzional bat bilatzeko zein teknika erabiltzen dituzten azalduko dute.

'Teknopolis' larunbatean dago ikusgai, 13:30ean, ETB1en; eta igandean, 09:30ean, ETB2n.

ETB2n.