Itxi

telebista

'El Conquis'en 13. atala

Migok agur esan dio Amazonasi buruan pala-kolpea hartuta

"El Conquistador" saioaren duelurik luzeenean kanporatu dute Migo, eta anakondetako kide ohiek, Patxi Salinas buru dutela, uko egin diote elkarrizketak emateari.

Migoren irteera tragikomikoa izan da. Tragikoa, ez delako atsegina horren lehiakide xaloa "El Conquistador del Amazonas" uzten ikustea ia hilabetez abentura latza bizi ostean. Tragedia gertatzear izan zen dueluko makila gainera erori zitzaionean, baina egoera hori komiko bilakatu zen zauririk jaso ez zuela jakindakoan. Amazonaseko jainkoen zigorra izan ote zen? "Amore ematen dut" esan izan balu, guztia bukatuta egongo zen; makila botatzea ikuskizun handia izango litzateke, baina azkenean barregarria izan zen. Baina Migo horrelakoa da. Abentura guztian zehar ez da ia batere nabarmendu, eta uneoro bigarren mailan egon da. Jokoetan ez du maila onegirik erakutsi (jumarren proban izan ezik), eta bizikidetzan ere ez da lehiakide azpimarragarria izan. Diotenez, urrutira iristeko taktikarik onena apal azaltzea da, baina une garrantzitsuenetan nabarmentzea ezinbestekoa da, eta Migok ez du horrelakorik egin. Dueluak trebezia eta pazientzia eskatzen zituen. Igorrek lortu zuen bere kemena baretzea eta mailak zehatz sartzea. Ainarak, nola ez, bereari ekin zion, gogotsu eta amore emateko inongo keinurik egin gabe. Azkenean, abenturan aurrera jarraitzeko gogo gutxien zuen lehiakidea joan zen etxera. "El Conquistador" saioaren historiako duelurik luzeena lehiaketaren alegoria izan zen: ahalegina egiteak beti dakar saria.

Pirañek aukera bakarra dute dueluetatik libratzeko: immunitate jokoa irabaztea eta, argi dagoenez, ez galtzea. Igorrek anakonden jomugan ikusten du bere burua; urdinetatik bera da indartsuena, eta, gainera, berdeek ez dute begi onez ikusten. Duelutik gorila jantzita itzuli zen, eta horrek ere izan zuen tragikomedia itxurarik. Gaizki ulertutako txistearen tragedia, eta pertsona bat infernuaren erdian gorila jantzita ikusteak dakarren komikotasun absurdua.

Anakondak gosea eta egarria pasatzen ari dira, eta, gainera, Igorren garaipenak barrena jaten die. Ondorioz, antolatzaileekin haserretu dira, eta elkarrizketarik ez ematea eta kameren aurrean ez hitz egitea erabaki dute. Umekeria horren buru Patxi Salinas da. Etsipenak eta saioaren nondik norakoak ez ezagutzeak baino ez dute justifikatzen lehiakideen jarrera hori.

Talde berdean, badirudi gauzak ez direla uste bezain atseginak: lehenik, janariaren banaketarekin eta etxolak eraikitzeko moduarekin arazoak izan zituzten, eta orain badirudi guztiak ez daudela ados elkarrizketarik ez emateko erabakiarekin. Datorren astean ikusiko duguna funtsezkoa izango da etorkizunean "El Conquistador del Amazonas"en gertatuko direnak ulertzeko.

enak ulertzeko.