Itxi

telebista

Gaur

Eskubaloiko Euskal Kopako finala eta pilota Eibartik, EiTBn

A.A. | EiTB

Bidasoa Irun-Amenabar Zarautz partida 12:00etan eskainiko da eta pilota jaialdia 17:00etan. Gainera, Zarautz Pro 2016 surf txapelketaren laburpena izango da ikusgai.

ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute Bidasoa Irun eta Amenabar Zarautz eskubaloi taldeen arteko Euskal Kopako finala. Jon Ander Gorospe, Jose Inazio Altube eta Sara Gandara arduratuko dira Orioko kiroldegian 12:00etan jokatuko den norgehiagokaren kontakizunaz.

Arratsaldeko bostetako pilotaren tartean, Eibarko Astelenako jaialdia eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean. Buruz Buruko Promozio Txapelketako final zortzirenetako bi partida jokatuko dira: Irusta-Urruzola eta Erostarbe-Martija. Bien artean J. Retegi-Zabaleta eta Gorka-Tolosa bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.

ETB1eko kirol eskaintza osatzeko, 11:30ean, joan den asteburuan jokatutako Zarautz Pro 2016 surf txapelketaren laburpena egingo du Eritz Hernandezek. Emanaldia eitb.eus-en ere ikusgai izango da. Eta 16:00etan bezperan Lezaman jokatutako aizkolarien banako Eusko Label sariko kanporaketan gertatutakoaren berri emango dute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.

Amaitzeko, Alfontso Arroiok Zornotzako Udaberri Saria txirrindularitza probaren laburpena egingo du ETB4n eta eitb.eus-en 17:15ean.