Itxi

telebista

Udan estreinatzeko

500 bikote aurkeztu dira 'Objetivo Chimborazo' saioan parte hartzeko

A.E.|EiTB

'Objetivo Chimborazo' saio berriak Ekuadorrera bidaiatu eta Chimborazo sumendiaren gailurrera igotzeko prest dauden zortzi bikote abenturazale aukeratuko ditu. Udan estreinatuko da.

1:21

500 bikote aurkeztu dira uda honetan emango den 'Objetivo Chimborazo' reality berriaren casting-era. ETBrekin batera, FORTAko kide diren Aragoi, Gaztela-Mantxa eta Andaluziako telebistetan ere emitituko da, eta guztira, erkidego guztietan egiten ari diren casting-etan 500 lagunek eman dute izena.

Helburua zortzi bikotek abenturaz beteriko bidaia Ekuadorren barrena egitea da. Irabazleak Chimborazo sumendiaren gailurrean amaituko du bidaia. Ekuadorreko sumendirik altuena da Chimborazo, 6.000 metro ditu, eta bere gailurra eguzkitik hurbilen dagoen Lurreko puntua da.

Aste honetan burutuko dira lehiakide aukeraketa guztiak. Happy Ending ekoiztetxeko lan-taldeak egin du dagoeneko hautaketa Sevillan eta Malagan. Astearte eta asteazkenean Bilbon egongo dira eta ostegun eta ostiralean, berriz, Donostian. Aldi berean, Toledon eta Zaragozan ere hautaketarekin ari dira erkidego horretako bikoteak aukeratzeko.

Abenturetan murgiltzeko bikote gogotsuak parte hartzen ari direla adierazi du ekoiztetxearen lan-taldeak. Oso gustura daude lortu duten erantzunarekin. Puntako kirolariak, eta gazte eta adin ertainekoak dira 'Objetivo Chimborazo'n parte hartzeko prest dauden bikoteak. Horrez gainera, jende alaia eta trebetasuna asko duena topatu dutela azaldu dute Happy Ending-eko casting-aren arduradunek.

'Objetivo Chimborazo' FORTAko ekoizpena da eta Autonomi Erkidego bakoitzeko (Aragoi, Gaztela-Mantxa, Andaluzia eta Euskadi) bi bikotek parte hartuko dute. Ekuadorreko paraje natural zoragarrietan barrena proba ezberdinei aurre egin beharko diete. Galapago uharteak, ozeano Pazifikoa, Ekuadorreko Andeak, Amazonas oihana eta Chimborazo sumendia izango dira, besteak beste, saio berriaren eszenatokiak. 12.000 euro irabaztera iritsi daiteke bikote garailea.