telebista
22:15ean
'Refugiados, camino a ninguna parte' dokumentala, gaur, ETB2n
A.H. | EITB
Ane Irazabal kazetariak gidatuta, Europar Batasunak eta Turkiak ituna sinatu ostean, Grezian dauden 70.000 errefuxiatuen egoeraren berri emango dute saioan.
ETB2k Refugiados, camino a ninguna parte dokumentala eskainiko du gaur gauean. Europar Batasunak eta Turkiak ituna sinatu ostean, Grezian dauden 70.000 errefuxiatuen ziurgabetasun egoeraren berri emango du saioak, Ane Irazabal kazetariak gidatuta.
Gerrari eta bizi baldintza jasaezinei ihes egiteko, milaka kilometroko bidea egin duten lau errefuxiaturen istorioetan barrena murgilduko da dokumentala. Euren herrialdean bizi den gerratik eta miseriatik bizirik irten ondoren, Mediterraneo itsasoa zeharkatu dute eta Greziara heldu dira bizitza hobe baten bila. Martxoaren 20tik, atxiloketa zentroetan bildu dituzte, eta apirilaren 4an hasi zen deportazio prozesua. Grezian dauden 70.000 errefuxiatu horietatik % 60 emakumeak eta haurrak dira.
Errefuxiatuen testigantzekin batera, gobernuz kanpoko erakundeetako boluntarioen eta salbamendurako taldeetako kideen testigantzak jaso dituzte. Saioak, gainera, adierazpen instituzionalak eta politikarien hitzak ere eskainiko ditu, eta Alberto Sicilia eta Andrés Mourenza kazetarien partaidetza ere izango du.
Hodei Arrausi eta Leire Palacios kazetariek idatzitako dokumentala da Refugiados, camino a ninguna parte, eta Unax Blanco eta Asier Garciaren esku egon dira horren zuzendaritza eta ekoizpena.
Refugiados, camino de ninguna parte ostiral honetan izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.