telebista
DSS2016
'Dresden babesleku' dokumentala, gaur gauean, ETB2n eta eitb.eus-en
A.A. | EiTB
Donostia 2016ren Europa Transit enbaxadaren baitan egin den hirugarren lanak errefuxiatuen krisia du ardatz.
Refugio Dresde (Dresden babesleku) dokumentala eskainiko dute ETB2k eta eitb.eus-ek gaur, 00:15ean. Bigarren Mundu Gerrak suntsitutako hiri alemaniarreko biztanleek egungo gerretatik ihesi datozkien pertsonei nolako harrera egin dieten aztertzen du Xuban Intxaustiren lan honek. Donostia 2016ren Europa Transit enbaxadaren baitan egin den hirugarren dokumentala da, eta martxoan grabatu zuten.
2015. urtean, Europan, Alemaniak bakarrik eskaini zien ate irekiko politika gerran dauden herrialdeetatik zetozen errefuxiatuei, eta milioi bat pertsona aterpetu zituen. Dresden babesleku dokumentalak gertakari haren ondorioak aztertu ditu Alemaniako hirian. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoela, Dresdengo bonbardaketak hiria erabat hondatu zuen eta hiria gerraren indar suntsitzailearen sinbolo bilakatu zen. Donostia 2016ren enbaxadak sortutako lanak Dresdenen iragana eta oraina batuko ditu, eta gerraren basakeriatik ihesi doazen errefuxiatuei gatazka belikoa gertu-gertutik sufritu zuen hiriak nolako harrera egin dien aztertuko du; PEGIDA mugimenduaren sorrerak (Mendebaldea Islamizatzearen Kontrakoa Patriota Europarrak) eta etorkinen aurkako kale-agerraldiek iritzi publikoaren arretagune bihurtu duten udalerriak.
Filmean historia gorabeheratsua izan duen hiri zatitua ikusiko dugu, eta nola eragiten duen horrek errefuxiatuen etorreraren aurrean jarrera bat ala bestea hartzeko orduan. Batzuek historian eta euren bizipenetan aurkitzen dituzte harrera-ekimenetan parte hartzeko arrazoiak; beste batzuek, aldiz, iraganean topatzen dituzte kanpotarrak ez onartzeko arrazoiak. Era berean, tokiko biztanleak eta iritsi berriak bizikide izateko prozesuan kulturak daukan balioa azpimarratzen du Dresden babesleku lanak, eta horretarako Dresden hirian martxan dauden hainbat ekimenen berri emango digu; Staatsschauspiel Dresden antzokian astelehenero egiten den Montagscafé, kasu.
Gaur egungo egoeratik abiatuta, Dresden babesleku film dokumentalak argi erakutsiko du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Alemania etengabe izan dela errefuxiatuen aterpe, eta pertsona desplazatuek babesgabetasun berdin-berdina jasaten dutela gerra guztietan.
Europa Transit, hamar kontakizun Europako bizikidetza gogoan
Donostia 2016ren kanpo misioa osatzen duten hiru enbaxada ibiltarietako bat da Europa Transit. Urtarrilean hasi zuen bidaia, eta gatazken edo desberdinak elkarrekin bizitzeak dakartzan erronken lekuko diren edo izan diren hamar hiri europar bisitatuko ditu: Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Pristina, Plovdiv eta Istanbul. Hiri bakoitzean, enbaxadaren taldeak dokumental bat grabatuko du, gatazkaren egungo egoera eta beronek utzitako kultur ondarea aztertuko dituena, bizikidetza eta elkar-ulertzea bultzatzeko asmoz.
Enbaxada ibiltariaren baitan egingo diren hamar dokumentaletatik hirugarrena da Dresden babesleku. Lehendabizikoak, Mugaldeko mezuak, Europa Transitek Ceutara egindako bidaiaren emaitza, immigrazioaren gaia jorratu zuen. In Dialogue, Ipar Irlandako bake-prozesuari buruzko dokumentala, Belfastera egindako bisitan filmatutakoa, apirilean estreinatu zen. Ekainean, Wroclawen grabatutako Liburutegi biziduna lanaren txanda izango da. Seriea osatuko duten hamar lanak ETBn ikusi ahal izango dira, eta, gainera, edonorentzako eskuragarri izango dira jatorrizko bertsioan euskarazko, gaztelaniazko edo ingelesezko azpitituluekin.
Bidaia honetan, hamar dokumentalak filmatzeaz gain, bisitatzen duen leku bakoitzeko bizilagunen testigantzak biltzen ari da Europa Transit. Horiekin, mosaiko digitala osatzen ari da.