telebista
Audientzia
%28,2ko audientzia, finalaren atariko "El Conquistador" saioak
A.E.
EITB
Oihane, Koldo, Ekaitz eta Egoitz, edizio honetako finalistak.
"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren ediziorik arrakastatsuena datorren igandean amaituko da. Atzoko atalak, finalaren atarikoak alegia, %28,2ko audientzia zatia izan zuen, orain arte saioak izan duen audientzia zatirik altuena. Atzoko saioak bataz beste 239.000 ikus-entzule izan zituen eta 450.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
"El Conquistador" saiorik ikusiena izan zen bere ordutegian, ondoren "Doctor Mateo" saioak %17,2ko audientzia lortu zuen eta "Aida"k 15,5%.
Julian Iantzik aurkeztutako realityaren seigarren denboraldia urtarrilaren 10ean estreinatu zen. Orain arteko ediziorik ikusiena izan da, bataz beste %24,5eko audientzia zatia eta 209.000 ikus-entzule eskuratu ditu.
Koldo, Ekaitz, Egoitz eta Oihane finalean
Quik bere borondatez saioa utzi eta Andekak atzoko proba galdu ondoren, Koldo, Ekaitz, Egoitz eta Oihane ditugu finalean. Beste proba bati aurre egin beharko diote igandean irabazi nahi badute. Ohi denez, kayak proba izango da lehen zatian eta ondoren Perito Moreno glaziarrak ustekaberik ekarriko die.
Hori guztia datorren igandean ETB-2n zuzenean platoan eskainiko den saioan ikusi ahal izango da. Julian Iantzik 25 lehiakideak hartuko ditu, baita Manu Maritxalar, Juanito Oiartzabal eta Jose Luis Korta kapitainak ere. Saioan denboraldiaren errepasoa egingo dute, unerik nabarmenak gogoratuz. Halaber, ikus-entzuleen botoen bidez aukeratutako publikoaren lehiakiderik kuttunena emango da jakitera.
Andeka eta Qi "El Conquis: La Aventura"n izango dira
Finalaren aurretik, berriz, asteazkenean "El Conquis: La Aventura" debatean Patagonia utzi duten azken bi lehiakideak hartuko dituzte. Qi eta Andeka finalistak izateko ataritan geratu dira. Antza denez, Getxoko txinoak ez zuen garaile izateko asmorik; Andekak, haatik, argi utzi zuen hasieratik bere helburua irabaztea zela.
Igandeko atalean Qik sendo eutsi zion saioa uztearen asmoari eta bere kideei erabakiaren arrazoia ematen saiatu zen. Askok ez zuten agurraren argudioa ulertu. "El Conquis: La Aventura" saioak ez du aukera galduko berriro erabakiaz galdetzeko eta edizio honetako unerik komikoenak errepasatuko ditu. Gehienetan Qi izan da une irrigarrienetako protagonista.
Andeka, berriz, aurtengo edizioko lehiakide eztabaidatua izan da, baina ez du aurrez aurrekorik izan lehiakideekin. Espainiako selekzioaren kamisetarekin sartu zenean ia lehiakide guztiek esan zuten zerbait. Hala eta guztiz ere, gorputzaldi fisiko ona eta Conquistador bilakatzeko makina bat trebetasun erakutsi du eta, beraz, lehiakide askoren babesa izan du. Irabazteko puntuan gelditu bada ere, galtzen ere badakiela erakutsi du.
Bai Qik eta bai Andekak harreman berezia izan dute Pumen kapitaina izan den Kortarekin. Oriokoa platoan izango da bi lehiakideen ibilbidearen errepasoa egiteko. Iñaki Lopezek Julen Madina ere hartuko du eta baita astez asteko gonbidatu bilakatu den Esti Pinedo ere.
Maldo Qik lan egiten duen jatetxera joango da. Oraingoan erreportaria ez da bakarrik izango, Andeka izango du lagun txinatarrak prestatutako jakiak dastatzeko. Berta Lopezek aurreko finaletako unerik hunkigarrienak, online egindako casting-eko nobedadeak eta publikoaren faboritoaren berri emango du. Azken saio honetan lau lehiakide gehiago kanporatuko dituzte eta ikus-entzuleen aukeretatik kanpo geldituko dira.
Iñaki Lopezek aurkeztutako “El Conquis: La Aventura” asteazkenean izango da ikusgai 22:00etan ETB-2n eta www.eitb.com-eko streaming-aren bidez.