telebista
22:30ean
'A Ver Si No Llueve' Mallorcan ibiliko da gaur, Pou anaiekin
A.H. | EITB
Oporrak igarotzeko beste toki batzuk ere ezagutuko dituzte, besteak beste, Kanaria Handia, Kataluniako Vinyols i els Arcs herria, Hondarribia eta Gesaltza Añana.
Gaur gaueko 'A Ver Si No Llueve' saioak Mallorcara bidaia egingo du, Iker eta Eneko Pou anaiekin oporrak igarotzera. Eskalatzaile ospetsuek bere alderik ezezagunena erakutsiko dute eta bertako tokirik sekretuenak azalduko dituzte kameren aurrean. Euren bikotekideekin egoteko aprobetxatzen dute uda, baina entrenatzeko denbora ere izaten dute.
Kanaria Handira joango dira ondoren, Athletic futbol taldearen jarraitzaile sutsua den Chano kanariarra ezagutzera. Javierrek haren etxean igarotzen du uda, eta oso gustura egoten da, Chanoren etxeak Athleticen tenplu bat baitirudi.
Kataluniako Vinyols i els Arcs herrian Txema eta Rosa nafar bikotearekin egingo dute topo. Oporrak camping ekologiko batean igarotzen dituzte, eta horren nondik norakoak azalduko dituzte.
Euskal Herrira itzulita, Aragoiko Leonor eta Ricardorekin elkartuko dira. Bikoteak urteak daramatza oporrak Hondarribian igarotzen, eta herrian guztiz integratuta daude. Alardean parte hartzen dute, eta euren katua, Tigre, egun berezi horretako txapel eta zapiarekin janzten dute. Hendaian igaroko dute arratsaldea beraiekin.
Amaitzeko, Gesaltza Añanan izango dira, hondartza gabe udaz gozatzeko parada ezin hobea. Herrian eta inguruetan hainbat gauza daude egiteko, eta bertako pertsonaia jator eta berezien laguntza izango dute etxean bezala sentitzeko.
Gainera, Vascos en la costa atalak Euskal Herritik kanpo euskaldunei buruz duten iritzia biltzen jarraituko du, eta El salao del verano, udako pertsonaiarik jatorrena, bilatuko du.
Asteburu baten zozketa
Gogoratu, oporretan bazaude, agur bat bidali dezakezula saiora eitb.eus-en duen orriaren bidez. Tuterako Aire de Bárdenas hotelean egonaldi bat irabazi ahal izango duzu.
'A Ver Si No Llueve' ostegun honetan izango da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n.