telebista
Donostiako Aste Nagusia 2016
'Donostiako Aste Nagusia 2016' saio berezia, gaur, ETB1en
A.H. | EITB
Su artifizialen Donostiako Nazioarteko 53. lehiaketa eskainiko du, Izaro Iraeta eta Agustin Ezenarrok aurkeztuko duten gaueroko saio berezian.
Donostiako Aste Nagusiaren jarraipen berezia egingo dute Euskal Telebistak eta eitb.eus-ek abuztuak 13tik 20ra bitartean. Urtero legez, zuzenean eskainiko dira jaiei hasiera emango dien Artillero ekitaldia eta gaueroko su artifizialen ikuskizuna. Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok aurkeztuko duten 'Donostiako Aste Nagusia 2016' saio bereziak eskainiko du su festa gauero, 22:15ak aldera. Gipuzkoako hiriburuko jaien eduki guztiak eitb.eus-eko atari berezian egongo dira ikusgai.
Larunbatean hasi eta hurrengo larunbatera bitartean, gauero, 'Donostiako Aste Nagusia 2016' saio berezia gidatuko dute Izaro Iraetak eta Agustin Ezenarrok Kontxako pasealekutik, gaueko 22:00ak aldera, ETB1en eta eitb.eus-en. Su artifizialak zuzenean eskaintzeaz gain, gonbidatuak izango dituzte, eta jaien inguruko erreportajeak eskainiko dituzte, Unai Etxabe eta Nerea Alias kazetarien eskutik.
Larunbateko saioan, Ane Gabarain aktorea izango da gonbidatua. Aurtengo kanoikadan eta Artilleroren kantua kantatzeko, 'Allí Abajo' telesaileko aktoreak gonbidatu dituzte. Tartean Ane Gabarain. Berarekin errepasatuko dute nolakoa izan den kanoikadaren momentua. Unai Etxabe ere Alderdi Ederren egongo da, jendeak parrandarako duen gogoa neurtzen.
Bestetik, Nerea Aliasek Piratek antolatutako txupinazoaren bideoa ekarriko du eta Piratek egun guztietarako antolatuta duten egitarauaren inguruan ere arituko dira.
Su artifizialak 22:45ean hasiko dira, Alpha Pyro Pyrotechnie Frantziako suetxearen eskutik.
eitb.eus
Donostiako Aste Nagusiko albiste, argazki, bideo eta egitarau osoa kontsultatzeko aukera izango da EiTBko webgune berezian. Bertan bilduko dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan, eta jaien inguruko saio berezietan eskainitako diren erreportaje guztiak.