telebista
Aurrerapena
Satorra al dute erresistentziakoek 'Aitaren Etxea'n?
EiTB
Trenbidearen inaugurazioa boikotatzea dute helburu erresistentziako kideek, baina gauzak ez zaizkie ongi irtengo. Debekuen gainetik, Irenek eta Martinek maiteminduta jarraitzen dute.
Erresistentziako lagunek arazoak izango dituzte gaur gaueko 'Aitaren Etxea' telesaileko atalean, eta Tomasek taldean satorren bat dutela pentsatuko du. Bestetik, Irenek eta Martinek maiteminduta jarraitzen dute, oztopoak oztopo eta debekuak debeku.
Trenbidea Echeguira iritsi da, eta inaugurazio ekitaldia antolatu du Udalak. Erresistentziako kideek ekitaldi hori boikotatu nahi dute atentzioa emateko. Beraz, Tomas eta Inaxio Durangora joango dira lehergailu bila. Baina gauzak ez zaizkie nahi bezain ongi irtengo eta arrisku larrian egongo dira. Horrek eraginda, zalantza sortuko zaie taldean: satorren bat al dute? nor da satorra?
Bitartean, Pilar ari da Jose Ramon zaintzen Celaya hotelean. Atal honetan jakingo dugunez, Gerra Zibilaren aurretik maitasun harremana izan zuten Jose Ramonek eta Pilarrek. Eta Jose Ramonek alde egin zuenean ezkondu zen Pilar Juanekin. Orain, 20 urte geroago, Celaya hoteleko etxeko andreak badaki zein den bere tokia, baina bihotzak eta buruak ez diote gauza bera esaten.
Irene eta Martin
Ihes egiten saiatu ondoren, Irene Egañak eta Martin Celayak temati jarraitzen dute; elkar maite dute eta ez dizkiete sentimentuak aldaraziko. Irenek argi esan dio aitari galdu duela alaba gisa. Beraz, Luis Egañak beste bide bat hartuko du: Javier Celayari egingo dio bisita, eta Martin Irenerengandik urrun izateko eskatuko dio. Lortuz gero, Francoren bisitak sortu zituen gastuak ordainduko dizkiola agindu dio gainera.
Dirua garrantzitsua bada ere, are garrantzitsuagoa da familiaren segurtasuna Javierrentzat. Jose Ramon etxean dauka, eta frankistak hoteletik urrun nahi ditu. Lortuko ote du Martin konbentzitzea?
Larunbatero legez, 'Aitaren Etxea' 22:15ean izango da ikusgai, ETB2n.