telebista
Gaur, bigarren atala
Politikarien erronka berriak, 'La Otra Cara de l@s Polític@s' saioan
A.E.| EiTB
Iñigo Urkullu, Arnaldo Otegi, Idoia Mendia eta Pili Zabala erronka berrien aurrean jarri dituzte Africa Baetak eta Julian Iantzik bigarren atal honetan.
Gaur gauean, 'La Otra Cara de l@s Polític@s' saioak euskal alderdietako ordezkari nabarmenen aldetik pertsonal eta familiarrena erakutsiko digu beste behin. Africa Baetak eta Julian Iantzik aurkezten duten saioak beste helburu bat izango du oraingoan: aurreko atalean, protagonisten sentimenduak aztertu eta euren erretratu gizatiarragoa egin ostean, ekintzetara igaro eta erronka berriak proposatuko dizkiete politikariei oraingo honetan.
Protagonistak
Iñigo Urkullu lehendakaria (EAJ-PNV), Arnaldo Otegi (EH Bildu), Idoia Mendia (PSE-EE) eta Pili Zabala (Elkarrekin Podemos) dira informazio eta entretenimendu saio honetan parte hartzeko prest agertu diren protagonistak. Alfonso Alonsok (PP), berriz, uko egin dio bertan parte hartzeko gonbidapenari. Saioan, politikari horiek euren alderik ezezagunena erakutsiko diete ikus-entzuleei, normalean euren lanbide eta jardun politikoarekin zerikusia duten egoeratan ikus ohi dituzten ikus-entzuleei, hain zuzen ere.
Aurreko erreportajean ikusi genuenez, politikariek, besteak beste, hauek jorratu zituzten: haurtzaroa, eguneroko bizitza, familiarekin duten harremana, zaletasunak eta bizitzan arrastoa utzi dieten gertaerak. Bi hitzetan esateko, politikariaren atzean dagoen hezur-haragizko pertsona erakutsi zuten. Gainera, solasean ari ziren bitartean, hainbat zereginetan ikusi genituen; mendira igotzen, sukaldean lanean, ogia egiten, jolasean eta kirolean. Horiek guztiak bakoitzaren eguneroko unibertso pertsonalaren parte dira, eta gutxik ezagutzen dituzte.
Nor izan zen guztien artean bihurriena txikitan? Zenbat buruhauste eragin zizkieten gurasoei txikitan? Nor izan zen klaseko saiatuena? Nor izan zen gaztetan parrandazaleena? Nor izan zen gaur egungo bikotekidea erakartzeko garaian iaioena? Galdera hauek guztiek erantzuna izan zute 'La Otra Cara de l@s Polític@s' saioaren lehen atalean.
Akziozko gizon-emakumeak
Bigarrenean, berriz, gure politikariei buruz dugun serio, zentzudun eta zuhur irudia desegiteko ahalegina egingo dute Julian Iantzik eta Africa Baetak, hitzetatik ekintzetara pasa daitezen. Hartara, ez dira faltako abentura, emozioa eta adrenalina dosi on bat gure politikariak akziozko gizon-emakumeak diren ala ez jakiteko.
Nor izango da ausartena parapentean ibiltzeko? Nork sartuko ditu eskuak orean ogia egiteko? Nork erakutsiko digu palan jokatzeko duen abilidadea? Nork egingo ditu bere amarenak baino kroketa hobeak? Nork zabalduko dizkigu etxeko ateak? Nork hartuko du hamaiketakoa Gorbeiaren magalean? Batek baino gehiagok harrituta utziko gaitu, seguru.
'La Otra Cara de l@s Polític@s' gaur gauean izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n.