telebista
Zinema ETBn
'Amaren eskuak' pelikula, gaur gauean, ETB1en
eitb.eus
Mireia Gabilondok zuzendutako filma Karmele Jaioren izen bereko eleberrian dago oinarrituta, eta Ainara Gurrutxaga, Esther Remiro eta Loli Astoreka ditu protagonista.
Amaren eskuak filma ikusteko aukera izango da Euskal Telebistaren lehen katean gaur gauean, 22:40an. Karmele Jaio idazlearen eleberrian oinarritutako filma Mireia Gabilondok zuzendu zuen, eta Ainara Gurrutxaga, Loli Astoreka, Esther Remiro, Mark Schardan eta Aroa Madurga ditu protagonista.
Nerea (Ainara Gurrutxaga) familia eta lan bizitza uztartu nahi dituen 38 urteko ama bat da. Egunkari bateko erredakzioan egiten du lan.
Egun batetik bestera, ordea, Nereari bere bizitzan duen oreka eskasa hautsi egingo zaio bere ama Luisa (Esther Remiro) ospitaleratzen dutenean, memoria galdu ostean. Nerea errudun sentitzen da gaixotasunaren lehen arrastoak hasi zirenean erantzun ez zuelako, eta orain, Luisaren ordulariak atzera, iraganera, salto nola egiten duen ikusiko du.
Nereak bere amak ezkutuan zuen aurpegi bat ezagutuko du, beraien bien iraganeko bizipenen parekotasuna ikusiko du, beraien memorian bizi diren mamuen antzekotasuna.