Itxi

telebista

22:15ean

Hegazkina hartuko dute gaur 'Baserri, Txankarra & Maitane' saioan

A.H. | EITB

Lekeitioko bi arrantzale jubilatuek bidaiatzeko hiru aukera izango dituzte, Irlanda, Mexiko eta Sevilla, eta horietako bat aukeratu beharko dute.

0:20

Gaurko 'Baserri, Txankarra & Maitane' saioan, bi protagonistek Lekeitio utziko dute, eta urrutira joango dira. Miranda de Ebrora joan, luxuzko autopullman batean, eta bide erdian jubilatuei egin ohi dizkieten erakustaldi komertzial batean olioa, urdaiazpikoa edo horrelakoren bat debalde jasoko dutela pentsatuko dute biek. Maitane, baina, eskaintza tentagarri batekin azalduko da: beste bidaia bat, bidaia interesgarriago bat, egiteko aukera emango die. Aurkezleak hiru leku eskainiko dizkie, Irlanda, Mexiko eta Sevilla, eta gure arrantzaleek bakarra aukeratu beharko dute.

Astelehen honetako saioan, Baserrik eta Txankarrak hiru leku horietako gauzarik deigarri eta ikusgarrienak probatuko dituzte, hautatzea errazagoa izan dadin.

Irlandari buruz gehiago jakiteko, Barry Manleyren laguntza izango dute. Euskal Herrian bizi den irlandar honek ingeles ikastaro trinko bat emango die. Zer moduz moldatuko dira arrantzale jubilatuak aditz irregularrekin? Eta phrasal verbs edo aditz partikuladunekin? Gaelikoz ingelesez baino askoz ere hobeto moldatzen direla ikusiko dugu azkenean. Beste irlandar batek, Cliona Morriseyk, bere herrialdeko dantza tipiko baten oinarrizko pausoak erakutsiko dizkie. Baina Step Dancing izeneko dantza ikusgarria, bukaeran, kalejira bilakatuko da.

Mexikori buruzko argibideak eta aholkuak jasotzeko, Aretxabaletan bizi den gazte mexikar batengana joango dira, Paloma Martinezengana, hain zuzen. Honek mexikar hitzak eta esamoldeak irakatsiko dizkie Baserri eta Txankarrari. Horrez gain, urdailak ere trebatuko dizkie Mexikoko jaki pikanteenekin. Bukatzeko, folklorea izango dute hizpide. Mariatxien moduan, "Mexikoooooooooo" luze bat kantatzen saiatuko da Baserri. Zenbat segundo iraungo du arnasa hartu gabe Ispasterko arrantzaleak? Xabier Saldiasek baino gehiago?

Hirugarren aukeraren alde, Sevillaren alde, Reyes Prados aurkezleak egingo du. Reyesek bere jaioterriko erakargarritasunez hitz egingo die. Andaluziako jantzi tipikoak jantzi, eta kriskitinak jotzen eta flamenkoa dantzatzen erakutsiko die.

Listo, prest daude bidaiatzeko. Baserrik eta Txankarrak hartu dute erabakia, eta hegazkinean utziko dituzte. Nora joango dira? Zein izango da bi protagonisten tokirik gustukoena?

'Baserri, Txankarra & Maitane' astelehenetan izaten da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

ong>