telebista
Bertsolaritza
Urteari errepasoa emango diote, 15:00etan, 'Hitzetik Hortzera' saioan
A.H. | EITB
Oparoa izan da bertsogintzarentzat 2016 urtea eta saioak urteko bertsoaldirik onenak bilduko ditu, Maite Berriozabalek gidatuta.
Bertsogintzarentzat urte emankorra izan da 2016a, eta urteari errepasoa emanaz hasiko du 'Hitzetik Hortzera' saioak 2017a, motorrak berotzen hasteko. Maite Berriozabal gai-jartzaileak gidatuta, urteko bertsoaldi onenak eskainiko dituzte gaur, urteberri eguneko programan.
'Hitzetik Hortzera'ko kamerak plazaz plaza ibili dira urte osoan zehar, eta igandeko saioan, bertsoaldirik onenak bildutzeaz gain, gai-jartzailetzaren sekretuen berri ere emango du Maite Berriozabalek.
Urteko gaiak
Zeintzuk izan dira 2016an plazan ibili diren gai nagusiak? Bertsoaldien bidez errepaso bat emango diote urteko aktualitateari. Denera hamahiru bertsoaldi eskainiko dituzte, eta Euskal Herriko zein atzerriko hogei inprobisatzaileren ahotsak entzuteko aukera izango dute ikus-entzuleek.
'Hitzetik hortzera' gaur eskainiko da, 15:00etatik aurrera, ETB1en.