Itxi

telebista

Gaur

Garoñako berraktibatze nuklearra hizpide, 'Equipo de Redacción' saioan

A.H. | EITB

Saioak zentralaren ezaugarri teknikoak aztertuko ditu, eta Garoñako langileen eta auzokideen iritziak bilduko ditu.

Garoñako zentral nuklearra berraktibatzeko aukerak polemika handia piztu du energia nuklearraren alde eta kontrakoen artean. Zer dago Estatuko zentral zaharrena berriro ere martxan jartzearen atzean? Gaur gauean, 'Equipo de Redacción' saioak zentrala irekitzeko arrazoiak zeintzuk diren azalduko du.

Segurtasun Nuklearraren Kontseiluak zentralaren berraktibatzearen aldeko informea egin du, baina zentralak ez ditu gaur egun beharrezkoak diren hainbat baldintza betetzen. Garoñako zentrala 1970ean jarri zuten martxan eta dituen ezaugarri teknikoak Fukushimako zentralaren antzekoak dira. Gasteiztik 43 kilometrora eta Bilbotik 58 kilometrora dago kokatuta, zer gertatuko litzateke Japonen izandako istripua Garoñan gertatuko balitz? Segurua da Garoñako zentrala? Beharrezko da zentrala berriro irekitzea ala beste aukerik badago? Errentagarria da ala gainontzeko zentralen bizitza luzatzeko balioko duen neurria da besterik ez? Galdera guzti hauen erantzunen bila arituko dira osteguneko programako kazetariak.

Euskadin, nuklearren kontrako borrokak historia luzea du eta 80ko hamarkadan Lemoizko zentralaren itxiera lortu zuen mugimenduak. Mobilizazio hauek gaur egun ere indar handia izaten jarraitzen dutela azalduko du saioak. Iraganera bidaia egin eta Lemoizko itxieraren nondik norakoak aztertuko dituzte, eta berriro ere gaur egunera itzuliko dira Bilboko kaleetako manifestazioen berri emateko.

Garoñako auzokide eta langileekin ere hitz egingo dute. Zentrala ixtea eskualdeko aberastasunaren iturriarekin amaitzea da? Auzokideak seguru sentitzen dira? Ikerketa haratago joango da eta gaur egungo energia modeloaren inguruan arituko dira. Geroz eta garestiagoa da energia ekoiztea ala zentral elektrikoek negozioa egiten ari dira?

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.

n.