telebista
ETB1 eta ETB2n
LGTB zinemaz, gaurko 'EiTB Kultura Transit' saioan
A.E.|EiTB
Gaylesbotrans zinemak hartu duen indarra aztertuko dute.
Moonlight filmak igandean jasotako Oscarrak agerian uzten du gaylesbotrans zinemak hartu duen indarra. Dena den, Bilboko Zinegoak-en gisako jaialdiek beharrezkoak izaten jarraitzen dute, ikusgai izateko lekua eskaintzeaz gainera, hausnarketarako balio dutelako eta aniztasunari mesede egiten diotelako.
'EiTB Kultura Transit' saioak LGTBren hedapena joera, giza konpromisoa edo errealitatearen isla ote den aztertuko du. Gainera, hainbat zinemagilerekin hitz egingo dute pertsona gay edo lesbianak protagonista dituzten filmen eskasiaz. Berlingo Zinemaldiko Una mujer fantástica film sariduna salbuespen itxaropentsua da.
'EiTB Kultura Transit' saioak, berebat, honako hauek elkarrizketatuko ditu: Zinegoak 2017an ohorezko saria irabazi zuen Joan Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarra; Bilbon filmak aurkeztu dituzten Daniel Abma eta Xabier Madariaga; eta Hassan Kamoga, homosexualitatea gogor jazartzen duen Ugandako Queer Kampala Zinemaldiaren zuzendaria.
Horrez gain, bestelako kultur agendaren errepasoa egingo du saioak. Besteak beste, El guardián invisible filmaren estreinaldiaz ariko dira, Carlos Garaicoak Azkuna Zentroan duen erakusketa aztertuko dute eta hiru jaialdi izango dituzte hizpide: Bilboko Loraldia, Donostiako dFeria eta Iruñeko Punto de Vista.