Itxi

telebista

15:00etan

Kattalin Minerri elkarrizketa 'Sautrela' saioan, gaur, ETB1en

A.E.|EiTB

Literatura eta euskal gatazkaz ariko dira erreportajean.

2:16

Prentsan egindako kolaborazio eta iritzi artikuluengatik ezagutzen genuen Kattalin Miner orain arte, baita bere militantzia feministagatik ere, baina oraingoan fikziozko lan batekin izango da 'Sautrela' saioan, Nola heldu naiz ni honaino nobelarekin. Istorio garaikide bat kontatu du, bizi-erabakietan katramilatuta dabilen Jezabel protagonista duena. Lanean arrakasta izanagatik, bizitzak ez du asebetetzen Jezabel, eta inguruari begirada zorrotzez eta are arranguraz egiten dio so. Horrekin batera, medioetan etengabe azaltzen den neska desagertu baten istorioa ere azaltzen da paraleloki, eta bi istorioak gurutzatuko dira nobelaren amaierako orrialdeetan. Gure gizartearen eta bizimoduen makurkeria eta patetismoa agertzen da nobelan azken batean, gu guztiona ziur aski. Gai horiei buruz eta nobelaren idazketa prozesuari buruz ariko da Miner aste honetako saioan.

Erreportajean, azken aldian bolo-bolo dabilen gai bati helduko diote, euskal gatazka eta literaturaren harremanari. Fernando Aramburu-ren Patria eleberriak arrakasta itzela eskuratzeaz gain, gaiak hautsak harrotu ditu. Aste honetako saioan, bada, euskal gatazka euskal literaturan nola irudikatu den aztertuko dute. Zenbat eta nola idatzi da euskal gatazkaren inguruan? Ze liburu eta autore aipa litezke? Marijo Olaziregik eta Iban Zalduak emango dituzte gaiaren klabeetako batzuk.

Saioaren bukaera aldera, Juan Luis Zabalak Juanjo Olasagarreren poema liburu bat gogoraraziko du, Bizi puskak. 1996an emana argitara, poemategi berezia dugu, antzerki forma ere baduena nolabait, eta euskal poesiagintzan arrastoa utzi duena. Jarraipena ere izan zuen liburuak Puskak biziz liburuan. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak izango dituzte baita ere.

Hau guztia gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.