Itxi

telebista

22:15ean

Heriotza duinaz, gaur gauean, 'Ur Handitan' saioan

A.E.|EiTB

Gaiak sortzen dituen zalantza eta hausnarketetan sakonduko dute gaixo, mediku eta eutanasiaren aldeko eta aurkakoen testigantzetan oinarrituta.

0:22

'Ur Handitan' saioaren gaurko atalean heriotza duina izango dute hizpide, gaiak sortzen dituen zalantza eta hausnarketetan sakonduz.

Horretarako, Xabier Madariagak Ana Mosquera zarauztarraren etxea bisitatuko du. Anak 49 urte ditu eta duela 12 urte inguru antzeman zioten ELA, alboko esklerosi amiotrofikoa. 2-5 urteko bizi itxaropena eman zioten, ordea. Zorte handia izan duela dio, gaixotasuna motel garatzen ari baita. Egunerokoa baikortasun ikaragarriaz bizi du, eta heriotza urrun ikusten badu ere, berak erabakitzen duenean hil nahi duela dio. Nahia betetzen lagunduko diotela diote Juanjo Uria Anaren senarrak eta Eider alabak. Horien guztien testigantza jasoko du Madariagak.

Bestalde, Anarekin Donostiako errehabilitazio zentrora joango dira. Bertan, Olalla Ondarra fisioterapeutarekin egongo dira, eguneko ariketak egin eta halako tratamenduek gaixotasunaren garapenean duten garrantzia ezagutzeko. Anak prozesu honetan zehar bizi kalitate gorena izatea da errehabilitazioaren helburua.

Asmo bera izan ohi dute zainketa aringarrietan aritzen diren sendagileek. Iñaki Peña da horietako bat. Zer dira zainketa aringarriak? Noiz hartzen da hauek martxan jartzeko erabakia? Sendagileek ez al dute legez kanpo gaixoei eutanasia aplikatzeko tentaldirik izaten? Zilegi ote litzake sendagileak gaixo bati hiltzen laguntzea? Horien inguruan egingo dute hausnarketa.

Aurretiazko borondateen agiria edo bizi testamentua delakoa eginda izateak asko errazten du sendagileen lana, Iñaki Olaizola heriotza duinaren aldeko elkarteko kidearen esanetan. Bizitzea eskubidea den era berean, hiltzeak ere eskubidea behar lukeela izan dio. Edonork izan beharko lukeela bere nahia betetzeko ahalmena; are gehiago, gaixotasun kronikoa duen batek. Egungo legediak, ordea, norbait hiltzen laguntzen duen hori kondenatu egingo luke.

Zergatik ez dago eutanasia onartuta? Zein arrisku luke eutanasia baimentzeak? Zein irizpideren arabera baimendu beharko litzateke? Horren inguruan arituko dira Koldo Martinez sendagile bioetikoarekin.

Zalantza handiak pizten dituen gaia da, eta bada bestela pentsatzen duenik ere; heriotza eragiteak zentzurik ez duela uste dutenak, esaterako. Itxaro Sorozabal da horietako bat. Xabier Madariagarekin batera egingo du horri buruzko hausnarketa, eutanasiaren kontrako argudioak mahaiaren gainean jarriz.

Ur handi hauetan murgiltzeko aukera, gaur, 22:15etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

us-en.