telebista
22:15ean, 'Zinez' saioan
'Azken Magnatea' Horacio Echevarrietaren istorioa, gaur gauean, ETB1en
eitb.eus
Erredakzioa
Lanak Echevarrietaren eta 'E-1' itsaspekoaren istorioa kontatzen du, historialari askorentzat oharkabean joandako pasartea. 22:15etik aurrera izango da ikusgai.
Azken Magnatea Horacio Echevarrieta euskal industrialariaren istorioa oinarri duen dokumentala eskainiko du ETB1ek gaur gauean, 'Zinez' saioaren baitan. Jose Antonio Hergueta eta Olivier Van der Zee zinemagileek zuzendu zuten lana, eta 22:15etik aurrera izango da ikusgai.
Ekoizpenak Echevarrietaren eta 'E-1' itsaspekoaren istorioa kontatzen du, historialari askorentzat oharkabean joandako pasartea. Aurreko mendeko 20ko hamarkadan hasitako isilpeko azpijokoa da oinarria: espioitza, azpikeria politikoa, isilpeko armen ekoizpena eta orduan munduko itsaspekorik onena zenaren eraikuntza.
Madrilgo Kale Nagusia eta Bilboko Zabalgunea sustatu ez ezik, Iberia eta Iberdrola enpresen sorreran ere hartu zuen parte, eta 'El Liberal' garaiko egunkariaren eta Cadizeko ontziolaren jabea ere izan zen Horacio Echevarrieta. Primo de Riveraren diktaduran berebiziko pertsonaia izan zen, eta, pelikula honetan kontatzen denez, bultzatzaile nagusietakoa izan zen 20ko hamarkadan Alemania berriz armatzeko azpilanetan.
Zehazki, Espainian arma modernoenak sortzeko Echevarrietak Alemaniarekin sinatutako akordio du dokumentalak hizpide. Bertan kontatzen denez, Versalleseko akordioa dela-eta orduan legez kanpokoak ziren arma horiek garatzeko ezkutuko hainbat batzar egin zituzten Echevarrietaren lursailetan Alfonso XIII.a erregeak, Primo de Rivera jeneralak eta hainbat agente sekretuk, tartean Wilhelm Canarisek. Echevarrietaren arrakastetako bat 1931n Cadizen eraikitako E-1 itsaspekoa izan zen, gerora bere arrakastaren bukaeraren hasiera izan zena.
Proiektu hau gauzatzeko bost urteko lana behar izan zuten, bost herrialdetan: Espainiar Estatuan, Holandan, Alemanian, Britainia Handian eta Estatu Batuetan. Zehazki, Malagan, Bilbon, Madrilen, Cadizen, Salamancan, Rotterdamen, Hagan, Berlinen eta Bremenen filmatu zuten.