Itxi

telebista

'El Conquis'en 17. atala

Saioa amarruen erregina kanporatu dute

Getariakoak otarrainen duelua galdu du Carolen eta Izetaren aurka. Aiskanderrek Taroako dunetako immunitate proba irabazi du.

"Lagunen" festa izorratzeko gertu izan zen Saioa "El Conquistador del Caribe"ren 17. atalean, baina azkenean zortea ez zuen lagun izan otarrainen dueluan. Izetarekin berdintzeko aukera emango zion saskiak ihes egin zion eta, azkenean, kronometroa ere ez zen haren alde egon.

Saioak agur esan zion abenturari, baina azken uneraino egin zuen borroka, oztopoak oztopo, eta gainerako lehiakide guztiak kontra zituela. Zenbait saio zeramatzan "setiatuta" match pointak gainditzen, baina azkenean taldeak bere helburua lortu zuen: getariarra kanporatzea.

Ikusteko dago zer gertatuko den hemendik aurrera, izan ere, ez dago, jada, arerio komunik ezta "komodinik" ere. Abenturan jarraitzen duten lagunak gerran daude, eta salbatzeko aukera bakarra immunitate jokoa irabaztea da. Bestela, galde diezaiotela Aiskanderri: aste lasaia pasatu zuen eta Aitorrekin partekatu zuen luxuzko afaria, otarrainxka karibetarra. Zalantzarik gabe, bilera beste era batera ikusten da egoera hartan.

Kontrako muturrean Izeta zegoen, Taroako dunetan azkena izan ondoren duelurako zuzeneko txartela lortu baitzuen. Ia guztiek espero zuten bezala, Saioa Izetaren alboan eseri zen bozketaren ondoren, bera bidali baitzuten duelura. Saioak Carol jarri zuen arriskuan, baina azkenean getariarrak esan zion agur abenturari.

abenturari.