telebista
'El Conquis'en 18. atala
Kemen kanporatu dute dueluan eta 'mututxoek' kideetako bat galdu dute
Ismak bere bosgarren duelua irabazi du, Aitor bigarren gelditu da eta Kemen kanporatu dute. Carolek eta mayayotarrek lortu dute immunitatea.
Hiru "mututxoei" gaizki ateratzen hasi zaie atentziorik ez emateko eta istiluetan ez nahasteko estrategia. Kemenek, Aiskanderrek eta Aitorrek "El Conquistador del Caribe"ren bateratze faseraino iristea lortu dute zaratarik egin gabe eta gatazketan nahasi gabe. Baina abentura bukatzear dago, 18. atalean gaude, eta, izendatu gabe egoteko abilezia handia duten arren, bazen ordua lehiatzeko.
Hirukoteak kaiukoen immunitate jokoa izan zuen galbide. Hiruren artean duten pisuaren eta arraun egiteko abilezia faltaren ondorioz, jokoa galdu zuten. Geroago, gauaren iluntasunean, zozketa egin zuten eta Kemen jarri zuten arriskuan. Gainerako lehiakideak pozarren zeuden, batez ere mayayotarrak eta Carol. Nafarrek joko bikaina egin zuten, eta garaipenak irabazteko duten grina saritu zuen. Sari nagusia immunitatea izan zen, baina, gainera, dortoka batzuekin egundoko esperientzia izan eta janari gehiago jaso zuten; zalantzarik gabe, ongi etorri zitzaien indarberritzeko.
Bileran ez zen egon sorpresa handirik: Ismak izan zituen boto gehien. Ondoren, igorretarrak Aitor aukeratu zuen borrokarako. Duelua oso berezia izan zen: laguntzaileek oso eginkizun garrantzitsua izan zuten, ia-ia erabakigarria. Isma-Izeta bikotea bikain aritu zen iparrorratzarekin eta distantziak kalkulatzen. Aitorrek eta Iñakik aise lortu zuten lehen pista, baina bigarrenarekin trabatu egin ziren. Aiskander eta Kemenena askoz txarragoa izan zen. Julianek laguntzaileak kanpamentura bidali zituenerako, nafarrak desabantaila handiegia zuen, ia gaindiezina. Horrela, "mututxoak" bere lehen duelua galdu zuen eta Lekunberrirako bidea hartu zuen, kantari. Kemenek argi utzi zuen abenturan une oro egon dela irribarrea ahoan duela.
la.