telebista
Gastronomia-istorioak
Eara bisita egingo du, 20:00etan, 'Historias a Bocados' saioak
A.E.|EiTB
Ander Gonzalezek Busturialdeako herri honetako sukaldaritza kontakizunak bilduko ditu.
'Historias a Bocados' saioan, Busturialdea eskualdeko Ea herrira bisita egingo du Ander Gonzalezek gaur; eta bertakoek kontatutako sukalde kontuak bilduko ditu.
Joxe Mari eta Andoni Landa anaiek herriko errezeta ezagunen osagai nagusi diren bi produktu preziatuen berri emango die. Joxe Mari inguruko mendietan ateratzen diren perretxikoen gaineko kontuekin arituko da. Andonik, berriz, belaunaldiz belaunaldi ehizatzen diren usoen inguruan hitz egingo dio.
Herriko koadrila bateko kideekin bilduko da, ondoren, Ander. Sabin 17 urterekin itsasoratu zen eta itsasontzian sukaldari eta morroi jardun zen. Natxi lagunak, halaber, txakolin mahastiak zaintzen ditu eta Javierrek, taldeko beste kide batek, bakailaoa prestatuko du guztientzat.
Rafaelekin topatuko da geroago Ander. Rafael Coloradon artzain izan zen eta ogia Iparramerikan nola egiten zuten azalduko dio.
Sukaldaritzatik harago dauden kontuak ere ekarriko dituzte Eako bizilagunek: karea egiten zen Ean eta langintza horri buruz arituko dira. Frantses estiloko karea egiteko lekua berreskuratu omen du Ramonek, Anderri kontatuko dionaren arabera.
Orobat, Nagako Ikegutxi duela 5 urtetik hona Ean bizi den emakume japoniarra ezagutuko du Anderrek. Eta emakumearekin batera, Edamamea (soia berde eta gaztea) eta Daikoa (Japoniako lutxarbia). Nagakok, gainera, sushia prestatuko du eta Ander ahoa bete hortz utziko du.
'Historias a Bocados de Ea' 20:00etan dago ikusgai, eitb.eus-en eta ETB2n.