Itxi

telebista

22:30ean

ETAko presoen egoera aztergai, gaur gauean, 'Equipo de Redacción' saioan

EITB

ETAren armagabetze prozesua burutu ondoren sortu den egoera berrian, dispertsio politika eta eman beharreko aurrerapausoak aztertuko ditu saioak.

ETAren armagabetze prozesua burutu ondoren, presoentzako egoera aldatu egin da, eta horren aurrean zer aurrerapauso emateko aukera dagoen aztertuko du gaurko 'Equipo de Redacción' saioak. Espainian, Frantzian eta beste zenbait herrialdetan, Suitzan adibidez, 350 preso daude sakabanatuta, eta horien % 80 etxetik 500 kilometrora baino gehiagora daude. Senideek eta lagunek distantzia luzeak egin behar izaten dituzte haiek ikusteko.

Batetik, ETAren helburu izan diren talde ezberdinetako kideekin solasaldia antolatuko du saioak Madrilen, mahai baten inguruan hauek bilduta: Pepe Mouliá kartzela funtzionarioa, Restituto Valero militar ohia eta Pedro Mª Baglietto Terrorismoaren Biktimen Elkarteko kidea. ETAk eragindako minaz eta kalteez, bizikidetzaz, presoen sakabanaketaz, kartzela legearen salbuespen garaiaz eta egoera berri honetan eman beharreko pausoen inguruan arituko dira.

Saioak, bestalde, Olatz ezagutuko du. 18 hilabete bete zituen arte, kartzelan bizi izan zen; gaur egun, bidaia luzea egiten jarraitzen du bere aitari bisita egiteko. Jon eta Angelita Madrilgo Navalcarnero kartzelan gaixo dagoen Ibon Iparragirre presoaren anaia eta ama dira, eta haien testigantzak ere jasoko ditu saioak. Gainera, Unai Gonzalezekin egongo dira, sei urteko zigorra bete duen preso ohiarekin.

Alderdi politiko gehienek sakabanaketari amaiera jartzeko unea heldu dela uste dute, eta Espainiako Gobernuak ere gerturatzeko prozesua martxan jartzeko balorazioak egin ditu. 'Equipo de Redacción' saioak Joaquin Gimenez Auzitegi Goreneko magistratuarekin eta Juanjo Alvarez Nazioarteko Zuzenbidean katedradunarekin hitz egingo du, auzitegietan presoek dituzten aukeren eta etorkizunera begira dituzten bide legalen inguruan.

Duela gutxi arte, presoek kolektibo baten barruan defendatzen zituzten euren eskubideak, baina 2016ko amaieran estrategia berri bat abiatu zuten: preso bakoitzak, banan-banan, bere egoera pertsonala errebisatzeko aukera izango du. Presoen egun-eguneko egoera legala aztertuko du saioak Joseba Azkarragarekin.

Euskadin, bakearen eta bizikidetzaren aldeko hainbat pauso eman dira. Besteak beste, biktimen eta ETAko kideen arteko hitzorduak egin dira. 'Equipo de Redacción' saioak horien antzeko hitzordu bat prestatuko du: Josean Fernandez preso ohiaren eta Carmen Hernandez ETAk hil zuen Jesus Maria Pedrosaren alargunaren artekoa.

'Equipo de Redacción' ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.

TB2n.