telebista
Aste honetan
Gorrotxa eta Iñigo 'Conquis'eko lehiakideak, 'Atrápame' saioan
'El Conquistador del Caribe' saioaren final handiak direla eta, Gorrotxa eta Iñigo talde urdineko kideak 'Atrápame Si Puedes'en lehiatuko dira. Biek ala biek une dibertigarri ugari utziko dizkigute.
'El Conquis'en 13. edizioa amaitzear dagoen honetan, 'Atrápame Si Puedes' saioak realityan izan diren bi lehiakide hartuko ditu aste honetan. Gorrotxa eta Iñigo talde urdineko lehiakideak 'Atrápame'n lehiatuko dira, eta une dibertigarri ugari utziko dizkigute. Hala, Ermuko okin ezagunak eta Zuzenbidean graduatutako getxoztarrak abentura alde batera utzi, eta Patxi Alonsoren galderei erantzungo diete.
Maiatzaren 29an aritu dira estreinakoz lehiaketa-saioan, 'El Conquistador del Caribe' saioaren final handiaren egunean. Astelehen gauez jakin dugu Izeta dela 13. edizioaren irabazlearen izena, eta asteazkenean, maiatzaren 31n, berriz, publikoaren lehiakide gogokoena nor den jakingo dugu. Botoa emateko garaiz zaude oraindik.
Gorrotxa eta Iñigo beste lau lehiakiderekin batera lehiatuko dira astelehenetik ostiralera, 33.000 euroko zakua jokoan dutela. Emozioz eta une dibertigarriz betetako astea dakarkigu 'Atrápame' lehiaketak. Egunero dago ikusgai, 14:00etatik 15:00etara, ETB2n eta eitb.eus-en.