Publizitatea
Itxi

2017/05/30

00:40

telebista

Final handia

Izeta, 'El Conquistador del Caribe' saioaren irabazlea, oso gutxigatik!

eitb.eus

Erabat hunkituta, senideei, lagunei eta talde gorriko kideei eskaini die garaipena Aiakoak. Aiskander bigarren geratu da. Ismak, hirugarren postuan, irribarrea galdu du une batean.

5:13
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

'El Conquistador del Caribe' saioaren final handia 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityaren historian inoiz izan den final zirraragarrienetakoa izan da. Garaipena lortzeko aukera, ikurrina eskuratzeko lehia, bikoteka hasi dute, zotz egin ostean. Sei hautagaiek ondorengo bikoteak eratu dituzte: Carol Calvo eta Mikel Mayayo, Aitor Barrio eta Andoni Izeta, eta Aiskander Jauregi eta Isma Pereira.

Probaren lehen zatian, baltsa bat egin behar izan dute, eta Karibe itsasoaren erdian dagoen uharte batera joan dira, arraunean. Isma eta Aiskander izan dira lehenak heltzen, Carolen eta Mikelen aurretik, eta Izeta eta Aitor atzeratuta ibili dira, Aiakoak arrauna apurtu baitu.

Uharte horretan, bakarkako lehia hasi da: hasteko, kaiuko bat aurkitu behar izan dute, beste uharte batera joateko; handik, igerian egin dute alde; eta, bukatzeko, hiru tirolina erraldoi igaro behar izan dituzte. Hiru!

Aiskander, Isma eta Izeta izan dira lehenak heltzen, eta, tamalez, Aitor bidean geratu da. Gasteiztarrak une horretan galdu du ikurrina lortzeko aukera. Begien aurrean izan du tirolina eskuratzeko abagunea, baina, azken unean, Izetak lortu du, abiadura bizian. Isma bera ere garaitu du; izan ere, Igorrekoak arazoak izan ditu tirolinarekin.

Unerik zirraragarriena amaieran iritsi da, Aiskanderrek irabaziko zuela ematen zuenean. Ikurrinatik hamar bat metrora zegoenean, Aiakoa agertu da, ziztu bizian, eta atzean utzi du Ugaokoa.

Bi ordu eta erdiko proba, final handia, azken metroetan irabazi du Izetak. Erabat hunkituta, senideei, lagunei eta talde gorriko kideei eskaini die garaipena. Aiskander bigarren geratu da, eta besarkada batekin zoriondu du Aiakoa, merezi zuela esaten zion bitartean. Pozik amaitu du Ugaokoak abentura, asko ikasi baitu. Ismak, hirugarren postuan, irribarrea galdu du une batez, baina, hala ere, Izeta zoriondu du. Ondoren, ura eta janaria eskatu dizkio txapeldun handiak Julian Iantzi aurkezleari.

Andoni Izeta da, beraz, 13. edizio honetako irabazlea, Erkuren ondorengoa, eta Punta Gallinasen ikurrina astindu duena. Pozarren, platoan jaso du saria, 20.000 euroko txekea, hain zuzen. Bertso batekin agurtu du abentura gipuzkoarrak.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;