Itxi

telebista

22:00etan

Maider Unda izango da, gauean, 'Asko Maite Zaitut' saioko protagonista

A.E.|EiTB

Ezusteko omenaldia prestatuko diote familiakoek eta ingurukoek.

0:22

Maider Unda izango da gaur emitituko den 'Asko Maite zaitut' saioko protagonista. Maider Unda Gonzalez de Audikana 1977an jaio zen Oletan (Aramaioko auzoa). Borrokalaria eta artzaina. Bederatzi urterekin hasi zen Maider borroka praktikatzen eta kirolari bezala marka guztiak apurtu dituen emakumea izan da. Espainiako txapelketa 15 aldiz irabazitakoa, Europa eta Mundu mailan ere dominak eskuratutakoa, bere kirol ibilbidean gailurra jo zuen 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan lortutako brontzezko dominari esker.

Bide luze horretan hainbat oztopo gainditu behar izan ditu borrokalari arabarrak. 2016n lehiatzeari utzi zion, eta, egun, buru-belarri aritzen da artzain lanetan familiarekin batera, Oletako Atxeta baserrian.

Hogeita hamar urteko kirol ibilbidean erakutsitako kemenagatik eta umiltasunagatik, ezusteko omenaldia prestatu nahi diote familiakoek eta ingurukoek. Omenaldiaren bultzatzaile nagusiak, ordea, Rober Hojas eta Luis Crespo izango dira. Maiderren lagun mina eta jarraitzailea lehenengoa, eta 15 urtetan Maiderren entrenatzailea izana, bigarrena.

Maiderrek bide luze horretan izan dituen zailtasunak zeintzuk izan diren aipatuko dizkigute; besteak beste, hasiera batean Maiderrek ez zuela aurkari emakumezkorik entrenatzeko eta lehiatzeko. Euskal Herrian kirol hau praktikatzen zuen emakumerik ez, eta gizonekin entrenatzen zen Maider. Londresko Olinpiar Jokoetan brontzeko domina lortu arte, Maiderrek sufritu behar izan zuena azalduko digute, berarekin bizi izan baitituzte momentu latz horiek guztiak. Horregatik egin nahi diote omenaldia.

Otxandioko borroka taldeko kirolarietako bat izan zen Koikili Lertxundi Athleticeko jokalari ohia ere. Berak sei urte zituen borroka praktikatzen hasi zenean (Maiderrek orduan bederatzi zituen). Hastapen haiek nolakoak izan ziren azalduko ditu. Bitxikeri bezala, garai hartan, Espainiako bost txapeldun otxandiotarrak ziren.

Amaia Curiel 23 urteko borrokalaria da, Gipuzkoako bakarra eta astean hirutan joaten da Barakaldora entrenatzera. Maider ispilu izan da kirol hau egiten duten gazte guztientzat. Oraindik gogoan du Maiderren kontra borrokatu zuen eguna.

Azken elkarrizketatua Maria Luisa Gonzalez de Audikana izango da, Maider Undaren ama. Harro sentitzen da alabaz, eta asko pozten da lortutakoaz; berak, behin baino gehiagotan, borroka utz zezan eskatu bazion ere. Londresko domina eskuan duela, hori lortzeko zenbat lan egin behar izan duen azalduko du. Goizeko bostetan jaiki artzaintza eta gaztagintza lanak egiteko eta arratsaldean, haiek bukatuta, Gasteizko bidea hartu entrenatzeko.

Omenaldia Oletako plazan egingo zaio Maiderri, bere baserritik 200 metro eskasera. Oletako plazak inoiz eduki ez duen itxura hartuko du; borrokarako tapiz batena alegia. Maiderrek sekulako ezustekoa hartuko du, bertan izango baitira lagunak, familia eta beretzat garrantzitsuak diren pertsonak.

Hori guztia gaur izango da ikusgai, 22:00k aldera, eitb.eus-en eta ETB1en.

TB1en.