Itxi

telebista

22:30ean

1983ko uholdeak hizpide, gaurko 'La Imagen de mi vida' saioan

EITB

Felix, Javier Arijita eta Javi Aretxalde protagonistak tragediaren lekuko izan ziren, eta euren bizipenak azalduko dituzte, gertaera hura abiapuntu hartuta.

Gaurk 'La Imagen de mi Vida' saioak azken hamarkadetan Euskadin izan dugun tragedia naturalik larriena gogoratuko du: 1983ko abuztuaren 26an Bilbon euri bortitzek eragin zuten uholde ikaragarria.

Bizkaiko hiriburua Aste Nagusiko ospakizunetan murgilduta zegoen, baina urak, lokatzak eta hondamendiak jai giroarekin amaitu zuten 24 orduan. Bilboko itsasadarraren gorakada handiak milaka pertsona harrapatu zituen kalean eta haien etxeetan, eta askorentzat euren bizitzako gertaerarik garrantzitsuena izan zen. Asteazkeneko saioan, orduko hiru protagonistaren istorioak entzungo ditu; Felix, Javier Arijita eta Javi Aretxalderenak. Uholdeen lekuko izan ziren eta lokatzen artean irteteko elkarkidetasun lanetan parte hartu zuten.

Gertaera horien harira, euren bizitzako hainbat istorioren berri emango dute. Haien eskutik, garai bateko bizipen eta pentsamoldeen berri jasoko du saioak, eta garai hori gogoratuko du, protagonisten bizitzako argazki bat berriro eginez.

Jon Gesalaga argazkilariak gidatutako makillaje, jantzitegi eta dekorazio lantaldearen eskutik, hiru protagonistek euren bizitzako unerik onenak gogoratuko dituzte berriro. Felixek suhiltzaile moduan lan egin zueneko garaia gogoratuko du, Javier Arijitak bere emaztearekin gaztetan izandako zita bat izango du berriz ere, eta bizitzak eman ditzakeen kolpeek Javier Aretxalde eta bere anaien arteko harremanean eraginik izan ez dutela erakutsiko dute. Nola sentituko dira hiru protagonistak euren bizitzako une garrantzitsu horiek berriro bizitzeko aukera izanda?

'La Imagen de Mi Vida' asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.