telebista
Gaur, 22:30ean
Udako eta oporretako istorio berriak, 'Con el Verano a Cuestas' saioan
EITB
Motorbeach jaialdia ezagutuko dute Asturiasen, Gorlizko kanpinean eta Aiegiko Iratxe kanpinean izango dira, eta Donejakue bidearen zati bat egingo dute.
"Con el Verano a Cuestas" saioak udako eta oporretako istorio berriak ekarriko ditu gaur ETB2ra. Hasteko, Motorbeach, motorra eta surfa batzen dituen festa, ezagutuko du Asturiasko La Espasa hondartzan. Hainbat euskaldun joaten dira urtero jaialdira, eta haiek emango dizkigute jaialdian ondo pasatzeko aholkuak.
Nazioarteko turisten ikuspuntua ere jasoko dute, Herbehereetatik Gorlizko kanpinera etorritako familia baten eskutik. Egonaldia herriko jaietan egin dute Simonek eta bere familiak, eta euskal kulturan murgiltzeko aukera paregabea izan dute. Gorlizen bertan, Eibarko Ustekabe txarangako kideekin egongo dira. Lana eta festa uztartzeko gaitasun harrigarria dutela erakutsiko digute.
Hurrengo geldialdia Aiegiko Iratxe kanpinean egingo du saioak. Udan hainbat familiak Nafarroako klima eguzkitsua aprobetxatzen dute aire zabalean hainbat jarduera egiteko. Barbakoak, paellak eta oilasko erreak prestatzeko une egokia izan ohi da.
Halaber, udan jaten dugun guztia konpentsatzeko aproposena ariketa fisikoa egitea da. Horretarako, Donejakue bidearen zati bat egingo dute Bizkaia aldean Sevillako bi ahizparekin. Zer irudituko zaie gure lurraldea? Bidea amaitzea lortuko al dute?
"Con el Verano a Cuestas" ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.