Itxi

telebista

Gaur 22:15ean

Youtuberrak protagonista, ETB1eko 'GazteOK' saio berrian

EITB

Sei youtuber gazte euskaldunek munduari buruz duten ikuspuntua erakutsiko dute.

0:30

Gaur gauean, ETB1ek 'GazteOK' saioa estreinatuko du. Saio berri honetan, 6 youtuber gazte euskaldunek munduari buruz duten ikuspuntua erakutsiko dute. Zerk kezkatzen ditu? Zer egiten dute euren denbora librean? Zer dute gustuko? Eta zer gorroto?

ETBn lehenengoz, gazteek euren modura hitz egin ahal izango dute, inolako zentsura edo iragazkirik gabe. Beraiek izango dira euren esperientziak grabatuko dituztenak eta telebistaren bidez erakutsiko dizkigutenak. Osteguneko saioan, gustuko eta gorroto dutenari buruz arituko dira: euren esanetan, in eta out dagoenari buruz.

Saioan parte hartuko duten youtuberren artean, Iban Garcia dago, sarean Despertavlogs ezizena duena. 18 urteko azkoitiar honek sukaldaritza maite du, eta bere trebeziak erakusteko prest dago. Hurrengo Arguiñanoren aurrean egongo ote gara?

Judit Astigarragak bi gradu ikasten ditu unibertsitatean. Beganoa da, begiralea, eta, jakina, youtuberra ere bada. Hain lanpetatuta dagoen neska baten egunerokoa nolakoa den kontatuko digu.

Ibon eta Nerea lehengusu-lehengusinak dira, 26 eta 25 urtekoak. Orain dela gutxira arte, ezin zioten elkarri aurpegira begiratu ere egin, baina elkarrekin dituzten pasioek –argazkilaritza, bideoak eta internet– berriro batu dituzte. Orain oso ondo moldatzen dira elkarrekin, batzuetan.

Aizea Gallagher neska ile-urdin bat da. Harry Potter eta tatuajeak biziki maite ditu. Manga jaialdi batera eta beste tatoo bitxi bat egitera eramango gaitu.

Moda eta joera berriak Goizane Avilesen eskutik etorriko dira. Bera da 'Me, myself and my wardrobe' blogaren arduraduna, eta berarekin egongo gara goizeko lehenengo ordutik. Bere pasioa gustuko dituen outfitekin argazkiak egitea da, gero blogera igotzeko.

Azkenik, Ane, Jon eta Mikel ezagutuko ditugu. Usansoloko neba-arreba hauek 'Etxe Txiki Bihotz Handi' izeneko kanala ireki dute Youtuben, eta euren etxeko ateak irekiko dizkigute.

'GazteOK' youtuber gazteen saioa gaur gauean izango da ikusgai ETB1en, 22:15etik aurrera.