Itxi

telebista

EiTB-Donostia Zinemaldia

EiTBk jarraipen osoa egingo dio Donostia Zinemaldiari

Saio eta emanaldi bereziak eskainiko ditu EiTBk telebistan, irratian eta interneten. Halaber, ETBk babestutako sei ekoizpenetatik bi, Handia eta Morir, Sail Ofizialean emango dira.

Beste behin, irailaren 22tik 30era bitartean, EiTBk leihoa zabalduko dio bere hedabideetan Donostia Zinemaldiari. Halaber, zinema-jaialdiaren aurtengo edizioan ETBk babestuta parte hartuko duten sei ekoizpenetatik bi, Morir eta Handia, Sail Ofizialean ikusi ahal izango dira.

Astelehen honetan, irailak 11, lankidetza hitzarmena sinatu dute Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak. Hartara, Euskal Irrati Telebistak Zinemaldiaren inguruko tarte eta emanaldi bereziak izango ditu telebistan, irratian eta interneten.

ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en tarte berezia eskainiko diote, beraz, zinema-ekitaldi bereziari. Irekiera (irailak 22) eta itxiera galak (irailak 30) ETB1en eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango dira. Horrez gain, Euskal Zinema eta ETB Gala eta Donostia Sariak internet bidez emango dira, streaming bidez, eta baita telebistaz ere, oraindik katea eta ordua zehaztu gabe badaude ere.

Zinemaldiak tartea izango du egunero ETBko albistegietan. Zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta bertan aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte egunero. Kazetari eta teknikari lantalde osoa arituko da lanean horren guztiaren berri emateko bederatzi egunetan. '¡Que Me Estás Contando!' eta 'Ahoz Ahoz' saioek ere, jarraipen estua egingo diote.

'EiTB Kultura Transit'ek bi saio eskainiko dizkio Zinemaldiari

'EiTB Kultura Transit'ek irailaren 21eko eta 28ko programak eskainiko dizkio Donostia Zinemaldiari. Lehenengo saioan, irailaren 21ean, inaugurazioaren bezperan, aurtengo edizioaren nobedadeak kontatuko ditu Jose Luis Rebordinosek. Gainera, hobeto ezagutuko dugu Zinemaldia bera, eta baita bere zuzendaria ere. Hurrengo programan, irailaren 28koan, Julia Juaniz aurten Zinemira Saria jasoko duen zuzendari eta muntatzaile nafarra elkarrizketatuko dute, eta Zinemaldiaren beste protagonista batzuekin hitz egingo dute. Berebat, Zinemadian aurkeztuko diren euskal film batzuk eta horien egileak aurkeztuko dituzte Sortzaileak atalean.

eitb.eus-ek, berriz, gune berezia eskainiko dio, eta Zinemaldiak ematen duena bere ikuspegitik landuko du bertan. Halaber, streaming bidez emango ditu ekitaldi berezienak. Bideoak eta argazki galeriak ere argitaratuko ditu, eta telebistako eta irratiko lankideek sortutako edukiak kaleratuko dituzte. Arreta berezia egingo diote Euskal Zinema eta ETB Galan aurkeztuko den Elkarrekin-Together dokumentalari eta Handia filmari. Horrez gain, Felix Linaresek kronika egingo du egunero webgunerako.

Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere, ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan. Elkarrizketak, erreportajeak, filmen analisiak, eta ekitaldi eta jai guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.

ETBk babestutako sei ekoizpen. Donostia Zinemaldian

ETBk babestutako sei produkzio izango dira Zinemaldian. Horietako bi, gainera, Sail Ofizialean egongo dira: Aitor Arregik eta Jon Garañok euskaraz filmatutako Handia, lehiaketan, eta Fernando Francoren Morir, emanaldi berezietan.

Halaber, Nur eta herensugearen tenplua Juanba Berasategiren azken filma eskainiko da Zinemiran. Irailaren 26an, Euskal Zinemaren eta ETBren Galan, Elkarrekin-Together dokumentala proiektatuko dute. Pablo Iraburu, Migueltxo Molina eta Igor Otxoaren zuzendaritzapean, euskal arkeologo talde batek AEBko urrutiko uharte batera egiten duen bidaia du ardatz Victoria Eugenia antzokian emango den lanak.

Belodromoko emanaldi jendetsuan, berriz, Antonio Cuadrik zuzendutako Operación Concha komedia izango da ikusgai.

Azkenik, Glocal in progress, hizkuntza ez-hegemonikoetan filmatutako Europako filmei zuzendutako sail berrian, Telmo Esnalen Dantzak parte hartuko du, oraindik filmatze prozesuan badago ere.