telebista
20:00etan
'Historias a Bocados' Aian izango da gaur arratsaldean
EiTB
Gipuzkoako Aia herriko bizilagunak eta euren istorioak ezagutuko ditu Ander Gonzalez sukaldari eta aurkezleak, 20:00etan hasita.
Gaur, irailak 17, Euskal Telebistako 'Historias a bocados' saioa Aia herrira gerturatuko da. Gipuzkoako udalerri honetako bizilagunak eta horien istorioak ezagutuko ditu Ander Gonzalez sukaldari eta aurkezleak.
Lehenbiziko geralekua Lokate nekazaritza-etxea izango da. Hau ez da edonolako baserria. Arduradunek, kalea alde batera utzi, eta 1999an abiatu zuten proiektu hau, landa eremuan eta landa eremutik bizitzeko asmoarekin. Ander Bittor eta Amaia bikotearekin eta Joseba anaiarekin elkartuko da. Baserrian murtziar ahuntzak hazten dituzte, eta askotariko gaztak egiten dituzte horien esnearekin. Ajilimojili saltsan egindako antxumea dastatuko dute denek. Lokaten dagoen bitartean, Ander bere beldurrei aurre egiten saiatu beharko da; izan ere, abereen beldur da.
Aiak ez dauka soilik gazta zaporea; txistor gozoarena ere badu. Txarri Txikik, Aiako harategiak, Euskal Herriko XIX. Txistorra Txapelketa irabazi zuen iragan urteko abenduan. Carlosen eskutik ikasiko du Anderrek txistorrak nola egiten diren, eta ez da batere zeregin erraza. Ondoren, dastatzeko unea etorriko da, jakina, Aiako bistarik ederrenak lekuko.
Kapoiak ere hazten dituzte Aian. Animaliak inguru pribilegiatuan jaio, hazi eta bizi dira Ibarrolabekoa baserrian. Euskadiko sozietate ospetsuenetan edota jatetxe onenetan aurkituko ditugu Ibarrola Bekoako kapoiak. Anderrek hegazti mota hau probatzeko aukera izango du.
Gipuzkoako udalerririk zabalenetakoa da Aia. Nereak ondo baino hobeto ezagutzen ditu bertako bidexka eta mendi-bideak. Mendi-lasterketetan aritzen den korrikalaria da. 119 txapel lortu dituen atleta honekin, Zudugarai Txakoli Upategiak dituen mahastietan barrena ibiliko da Ander Gonzalez. Nerea sukaldaritzan aparta dela jakingo du aurkezleak, eta horren lekuko dira korrikalariak prestatuko dituen piper beteak.
'Historias a Bocados' igande honetan izango da ikusgai, 20:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB2n.
ETB2n.