telebista
20:00etan
Seguran izango da gaur arratsaldean 'Historias a Bocados' saioa
EITB
Ander Gonzalezek Gipuzkoako herri honetako produktu eta ohitura gastronomikoak ezagutuko ditu bertako biztanleen eskutik.
'Historias a Bocados' saioa Seguran izango da gaur. Erdi Aroko xarma mantentzen duen Gipuzkoako herri honetan barrena murgilduko da Ander Gonzalez sukaldaria bertako auzokideen eskutik.
Ondarre nekazal etxeko Karmele Murua eta Felix Goibururekin egongo da Ander. Euskal Herrian barrena bisita gehien jasotzen dituen lekuen artean dago Ondarre, eta horren lekuko izango da Ander, Mexikoko kazetari batzuekin egingo baitu topo bertan. Gipuzkoako zonalde honetan gaztak nola ketzen dituzten erakusteaz gain, gazta dastaketa bat egingo dute.
Hurrengo protagonista Rafa Berastegi izango da, bere etxea Segurako museo etnografiko bihurtu duen auzokidea. Herriko historiaren eta aspaldiko ohituren inguruan hitz egingo du Anderrekin, eta gainera, oso sukaldari ona dela erakutsiko dio: Bakailaoa pil pil erara prestatuz.
Amaitzeko, Carlos Valverde notarioarekin izango dira. Segoviatik Segurara lanera nola etorri zen eta bere lanaren nondik norakoak azalduko dizkio Anderri. Bien bitartean, tenperatura baxuan prestatutako foie eta arrautzarekin egindako onddoak prestatuko dizkio Anderrek.
'Historias a Bocados' gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.