Itxi

telebista

Gaur gauean

'Con la calle a cuestas' saioa hainbat portutan egongo da

A.E. | EiTB

Ondarroa, Pasai Donibane, Donostia eta Santurtzi bisitatuko dituzte aste honetan.

Gaur gauean, 'Con la calle a cuestas' saioak kai baten inguruan sortu diren herrietara egingo du bisita, urteen poderioz bizimodua nola aldatu den erakusteko, eta Ondarroan, Pasai Donibanen, Donostian eta Santurtzin egongo dira. eitb.eus-en eta ETB2n ikusi ahal izango da 22:30ean.

Goizean goiz agertuko da lantaldea Ondarroan, Kantauriko arrantza-portu garrantzitsuan. Arrain-kaxa, arrantzale, saltzaile eta erosleen topagune da portua. Lonjan batzen dira guztiak, eta arrain-enkanteetan erabiltzen dituzten taktikak ezagutuko ditugu.

Pasai Donibanen ere, kaiaren inguruan bizi dira, baina hango egunerokoak ez du zerikusirik Ondarroako zurrunbiloarekin. Bertako bizilagunak lasaiago bizi dira, eta herriko bazter guztietan disfrutatzeko aukera dute. Gehienek elkar ezagutzen dute, eta itsasoak batzen duen familia handia osatzen dute.

Pasai Donibanetik gertu dago Donostia. Hiriburuko kaiak aldaketa handia izan du azken urteetan. Laketontziek eta turismorako erabiltzen direnak ordezkatu dituzte arrantza-ontziak, eta, ondorioz, arrantzaleek euren zereginak aldatu behar izan dituzte itsasoa ogibide izaten jarraitzeko. Askok lortu egin dute, gainera, saioan ikusiko denez.

Bilboko Portuaren itzalean dago Santurtzikoa. Beste garai batzuetan, arraina tonaka sartzen zen bertan, eta sardina-saltzaileak ezagunak ziren nonahi. 'Sardinaren Egun'ean oso gogoan izaten dituzte oraindik emakume haiek, eta sardinak eta sardina-saltzaileak dira nagusi egun horretan.