Itxi

telebista

22:30ean

'Eibar, futbolaren tallarra' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

EITB

Hiri txiki honetako futbol taldeak lehen mailan lau urte jarraian nola iraun duen azaltzeko, Eibarren historia eta eboluzioa aztertuko ditu saioak.

0:24

Gaur gauean, Eibar hiria eta Kirol Elkartea protagonista hartuko dituen 'Eibar, futbolaren tallarra' dokumentala eskainiko du EiTBek. Nola lortu du 27.000 biztanle dituen hiri txiki bateko futbol taldeak lehen mailan lau urtez jarraian egotea? Ez da kasualitatearen ondorioa. Lana, bizitzeko modua eta egunerokoari aurre egiteko idiosinkrasia zehatza daude lorpen horren atzean.

Eibar alor ezberdinetan aitzindari izandako hiria da. Lehendabizi, armak ekoizten zituzten, ondoren, bizikletak, eta gero, era guztietako gailuak. Nork ez du eduki Eibarren eginiko bizikleta, josteko makina edo objekturen bat?  Etxe bakoitza lantoki txiki bat zen eta esan daiteke hiria bera tailer handi baten moduan funtzionatzen zuela. Talde lan sendoa oinarri hartuta, bakoitzak argi zeukan bere betebeharra.

Eibar, Gernika eta Durango bezala, bonbardatu egin zuten. Errepublika, lehen aldiz, bertan aldarrikatu zen. Eta kooperatibismoa Eibarren bertan sortu zen. Arrasateko proiektua aurrera atera baino 40 urte lehenago Toribio Etxeberria gidari, ALFA izan zen lehen kooperatiba.

Egungo errealitatea, historia eta hiriaren eboluzioa Eibar Kirol Elkartearen sortze eta eboluzioarekin uztartzen dira. Bata bestea gabe, ia ezinezkoa da ulertzea.

Guzti honi buruz hitz egiteko, hainbat protagonista bildu ditu 'Eibar Futbolaren Tallarra' dokumentalak, horien artean: Michael Robinson, Juanjo Alvarez, Jose Luis Mendilibar, Gaizka Garitano, Dani Garcia, Roberto Etxeberria, Amaia Gorostiza, Ane Atristain, Orbeako bi langile, Alfako langile ohi bat eta Mateo Gilabert irrati-esataria.

Filmak Media ekoiztetxeak egin du 'Eibar Futbolaren Tallarra' dokumentala Euskal Telebistarentzat. Zuzendariak Oier Plaza eta Joseba Urkiola dira eta ostegun honetan, 22:30ean, izango da ikusgai ETB1n eta eitb.eus-en.