Itxi

telebista

Estreinaldia

'Sagak' saioaren estreinaldia, gaur gauean, ETB1en

EITB

Euskal Herriko familia ezagunak hartuko ditu ardatz saio berriak, belaunaldiz belaunaldi diziplina bati eutsi dioten familiak. Lehen ataleko protagonistak Arriatarrak izango dira.

0:23

Gaur gauean, Kike Amonarrizek aurkeztuko duen 'Sagak' saioaren estreinaldia eskainiko du ETB1ek. Saio berriak Euskal Herriko familia ezagunak hartuko ditu ardatz, belaunaldiz belaunaldi diziplina bati eutsi dioten familiak, hain zuzen ere.

Atal monografikoak izango dira, eta bakoitzaren abiapuntua Kike Amonarrizek familia protagonistaren etxean egingo duen topaketa izango da. Bertan, familiako kide nagusiak bilduko ditu eta hainbat sorpresa eta momentu hunkigarri biziko dituzte elkarrekin: besteak beste, familiako kide ezberdinen bideoak eta bisitak, lagunen mezuak eta bizitzako uneak gogora ekarriko dizkieten objektuak jasoko dituzte. Lehen familia protagonista Arriatarrak izango dira, gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en.

Arriatarrak

Txapeldun eta herri kirolari handiak emandako eskualdea da Urola Erdia: Errekartetxo, Agerretarrak, baita Arriatarrak ere. Bertan sortu, hazi eta hezitako dinastia da Arriatarrena. Gaur egun, familiaren erreleboa Xabier Orbegozok Arria V.enak darama. Aizkolaritzan eta bereziki desafioen munduan zer esan handia ematen ari den kirolari aparta da. Orain gutxi, Iker Vicente aizkolari nafarrarekin adostu du desafioa, askorentzat urteko apustua izango dena. Hain zuzen, hori izango da saga hau ezagutzera eramango gaituen abiapuntua.

Kikek, gainera, ikerketa lan handia egin du hitzordua ongi prestatzeko. Bidelagun izan ditu horretarako Miel Mindegia eta Luis Txapartegi aizkolariak, Joxemari Iriondo kazetaria eta Joseba Urretabizkaia argazkilaria. Prestaketa horren lekuko izango dira ikus-entzuleak, baita protagonista nagusiak ere. Kike Amonarrizekin batera, Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a, Xabier Orbegozo Arria V.a, Lourdes Orbegozo eta Aritz Azpiazu Orbegozo Arria VI.a.

Jose Ignacio Orbegozo Arria II.a Ignacio Orbegozo Arria I.aren semea da. Horren aita XX. mende hasierako aizkolari handia izan zen, Azpeitiko Arria baserrian jaio zen, eta hortik datorkio izena sagari. Jose Ignacio Arria II.a, bere anaia bezalaxe, Loiolako Mandiolatza baserrian jaioa den arren, aitaren ezizena hartu zuen. 70eko hamarkadan lorpen gehien eskuratu zituen aizkolaria izan zen. 1976an Atotxan jokatu zen munduko txapelketan lortutako garaipena da horren lorpen aipagarrienetako bat, banaka zein taldeka, bere anaiarekin eta Miel Mindegiarekin batera.

Xabier Orbegozo Arria V.a Jose Ignacioren semea da. Haurra zelarik hasi zen aizkoran, aitak bultzatuta, baina 23 urterekin utzi egin zuen. Gaur egun, ordea, aizkoran ez ezik, desafioen munduan erreferente da: duela lau urte itzuli zen plazetara, eta zazpi desafio jokatu ditu urte hauetan. Zortzigarrena Iker Vicente aizkolari nafarrarekin adostu duena izango da.

Lourdes Orbegozo Jose Ignacioren alaba da. Aizkolariz inguratuta bizi izan da jaio zenetik. Aitonak, aitak, osabak eta nebek jarraitu dute ogibidea. Hori gutxi balitz, horren seme gazteak ere lehen aizkorakadak eman ditu jada zenbait plazatan.

Aritz Aspiazu Orbegozo Arria VI.ak 18 urte ditu, eta Lourdes Orbegozoren semea da. Iaz, 17 urte zituela, bere lehen erakustaldia eman zuen, eta badirudi sagari jarraipena emateko gogoz dagoela.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista