Itxi

telebista

'El Conquis'en 7. atala

Bernabek ez du mailarik izan duelua irabazteko eta agur esan dio abenturari

EiTB

Felixek talde urdineko lehiakiderik polemikoena kanporatu du, eta honek ika-mika izan du Delforekin. Hamsterren bolen jokoa gorriek irabazi dute.

Lehoia ez zen uste bezain basatia, eta bere abenturaren unerik garrantzitsuenean ez du neurririk eman. Bernabe ez da gai izan Felixi irabazteko, ez du mailarik eman, nahiz eta aspertu arte esan duen bera "El Conquistador del Caribe"ko gogorrenetako bat zela eta dena emateko prest zegoela.

Bola kreolearen duelua bi lehiakideek irabazteko modukoa zen, burua erabiliz eta pazientziaz eginez gero, baina Bernabe eta Delfo laguntzailea gaizki aritu dira.

Azken bi asteotako garaipenek ezkutuan utzi dituzte talde urdinaren tentsio uneak, baina, bat-batean, agerian gelditu da Bernabek oraindik ez zuela taldekideen konfiantzarik eta ez zutela begiko. Bozketa argia izan da, arriskuan jarri dute, eta Telmo kapitainak ere argi utzi du bere iritzia zein den bigarren izendatu bezala Delfo aukeratuta.

7. atalean, urdinak lehengoetara itzuli dira eta oso immunitate joko txarra egin dute, Mariam hamster bezala zutela. Gorriek zur eta lur utzi dituzte denak, jokoa irabazita burua altxatuko ez zutela zirudienean. Talde bezala utzi dituzte harrituta, eta baita Loreak ere; izan ere, ahularen etiketa jarri dioten arren (batez ere inoiz arriskuan jartzen ez diren ustezko indartsuek), erakutsi du ez diola ezeri beldurrik eta lehiaren presiopean hazi egiten dela. Lorea hamster perfektua izan da: taldea arazorik gabe gidatu du, eta maila ona eman du fisikoki ere, ikurrina lortzeko itsasoan barrena kilometro erdi igeri eginda.

Irati iritsi da haren atzetik, baina berdeek zirkuituan galdu dute jokoa: une oro joan dira urdinen aurretik, baina behin ere ez dituzte gorriak kezkatu. Hori dela eta, Eneko bere onetik atera da; berdeen kapitaina gero eta urduriago dago, nahiz eta oraindik ez duen taldekiderik galdu. Oraingoz berdeek talderik onena osatzen dute, baina badakite gorriak eta urdinak beraien aurka doazela.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.