Itxi

telebista

'El Conquis'en 16. atala

Odeik Lorea kanporatu du; Maëvak eta Krasik saioa utzi dute osasun arazoak direla eta

EiTB

Loreak, Maëvak eta Krasik lehiakideek Gotzonekin eta Jassekin duten gudaren erdian esan diote agur saioari. Gotzonek irabazi du immunitate jokoa eta bere bikotekideari eman dio berriz ere immunitatea.

"El Conquistador del Caribe" saioaren 16. atala argigarria izan da hainbat zentzutan. Krasik ez du duelurik egin eta etxera joan da finalera iristeko eman beharreko guztia eman duela sentituz eta amorruz, bileran taldekide guztiek jarri dutelako arriskuan. Garrantzitsuena osasuna da, eta, ondorioz, bulgariarra Debara itzuli da eta Maëva Iruñera. Nafarraren sabeleko infekzioa ez da sendatu, eta beherakoarekin jarraitzen zuenez,  "El Conquis"eko 14. edizioko lehiakiderik karismadunenak saioa utzi behar izan du.

Azken atalaren beste une nabarmengarria Lorearen kanporatzea izan da; Odeik irabazi egin dio dueluan. Jokoa oso gogorra izan da, eta Aizarnazabalgo lehiakideak ezin izan du egin aurreko hiru dueluetan egin zuen abileziaz. Odeik denbora bukatzen ari zela amaitu du duelua, garaipeneko banderatxoan aitona-amonak "ikusteak" eman dion adoreari esker. Lorearenak egin du saioan; berea gainditze eta ulertezintasun istorioa izan da. Hori dela eta, saioaren jarraitzaile asko haren alde azaldu dira taldeko zenbait lehiakiderekin (Maritxu tartean) izandako "aitortu gabeko gatazkan".

Abenturak aurrera jarraitzen du kanpamentu bateratuan, eta argi eta garbi dago zein den bakoitzaren helburua. Gotzon eta Jass dira lehiakide guztiek garaitu nahi dituzten arerioak. Gotzonen garaipenek eta biek izandako sariek aurkarien erremina areagotu dute. Gotzonek ospatzeko duen moduak ere ez du erresumina gelditzen laguntzen. Norbait arriskuan jartzeko unean, Zuriñeri adarra jo dio, aukeratua bera izango zela esanez. Horrelako gauzek ondorioak ekartzen dituzte epe luzera. Ikusteko dago hemendik aurrera zer gertatzen den; izan ere, Aiorak, Seletak eta besteek agindu dute ez dutela barkatuko Donostiako bikoteari deklaratutako gerran.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.