Itxi

telebista

'El Conquis'en 17. atala

Gotzonek eta Meltxorrek Jass kanporatu dute kakoen dueluan

EiTB

"Zugan pentsatuko dut eta listo… Jo, polita!" esanez agurtu du Gotzonek bere bikotekidea, Jass, abenturaren azken dueluan kanporatu ostean. Orientazioaren immunitate jokoa hirukote gorriak irabazi du.

Jass ez da Gotzonen eta Meltxorren mailako arerioa izan dueluan; are gehiago, bazirudien pasaitarrak argi zuela zein izango zen bere helmuga 17. ataleko kakoen dueluan. Bere jarrerak ez du zerikusirik izan duela aste batzuk Guilleren aurkako dueluan izandako gudu epikoarekin.

"El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren historiako bikoterik egonkor eta uztartuenetako bat hautsi da; agian horregatik zeuden gainerako lehiakideen jomugan, edo horrela sentitzen ziren behintzat.

Hirukoteak osatzerako orduan, hordagoa jo dute 9 lehiakideek: irabazi ala galdu. Ana, Odei eta Seleta gorrien jokoa ikusgarria izan da; hirukotea osatu eta garaipena eskuratu dute oihaneko orientazio jokoan.

Zuriñek, Aiorak eta Eiderrek egin duten jokoa ere nabarmentzekoa izan da: atzetik aurrera egin dute, triatletak lianan gora denbora asko galdu ostean. Baina benetan harrigarriena aldez aurretik faboritoa zen hirukotearen maila izan da. Gotzonek ziztu bizian igo du liana eta, hirurek iparrorratza erabiltzen bazekitela esan arren, egin duten orientazio jokoa ahazteko modukoa izan da. Batez ere Gotzon ibili da gaizki; izan ere, lehen pista galdu du bidean, helmugan proba baliozkotzat jotzeko pista guztiak erakutsi behar zituztela jakin arren.

Egia esan, donostiarrak egindako akatsa onartu eta izendatuen lepokoa jarri du. Dena den, bazekien Jassek eta Meltxorrek duelurako beste bi txartelak eskuratzeko aukera handiak zituztela, eta horrela izan da azkenean, hirurak joan baitira duelura.

8 lehiakide baino ez dira gelditzen lehian, eta argi dago zein den bakoitzaren jarrera. Irtenbide eroso bakarra dago: hurrengo immunitate jokoa irabaztea.

Ez galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, "Eguraldia" saioaren ostean, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Orain arteko atal guztiak, berriz, EiTB Nahieran atarian daude ikusgai.