telebista
22:30ean
Urteko lehen jaietan izango dira gaur gauean 'Con la Calle a Cuestas' saioan
EITB
Besteak beste, Urduñako Otxomaioetan eta Gatikako jaietan izango dira eta gainera, Estibalizko santutegira egiten den erromeria eta Navaridasen ospatzen de Ardoaren Azoka Historikoa ezagutuko dituzte.
Ohikoa baino luzeagoa eta hotzagoa izan den neguaren ondoren, etxetik irten eta herriko festen denboraldia hasteko gogoz dago 'Con la Calle a Cuestas' saioa. Horregatik, jaietako zapia jantzi eta urteko lehenengo jaiak ospatzen dituzten herriak bisitatuko ditu gaur gauean.
Hasteko, Urduñan izango dira, maiatzaren hasieran ospatzen baitituzte bertako Otxomaio jai ospetsuak. Tradizio handiko festa da, eta bertan ez dira falta patata-tortilla eta paella lehiaketa gastronomikoak. Lehiakideekin batera janaria prestatuko dute eta jai giroan murgilduko dira kuadriletako batekin abestuz eta dantza poteoan parte hartuz.
Gatikan ere jaietan daude, eta espero ez zuten gonbidatua izan dute aurten: eguzkia. Normalean eguraldi txarra izaten duten arren, aurten 30 gradutara heldu dira.
Estibalizko santutegira egiten den erromeria ere, jai oso tradizionala da gasteiztarrentzat. Milaka pertsona biltzen dira santutegiaren inguruetan, tortilla pintxoak banatzen dituzte, eta txaranga eta trikitilariek girotzen dute erromeria.
Udaberriaren hasieran, Ardoaren Azoka Historikoa ospatzen dute Navaridasen. Milaka pertsona joan dira Arabako Errioxako herri txiki honetara, bertako eta nazioarteko ardoak dastatzera. Aurtengo edizioan, gainera, Kaliforniako ardoak omendu dituzte, jaiotzez kaliforniarra den Julian Iantzi aurkezlearen babesarekin.
'Con la Calle a Cuestas' saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.