telebista
Audientzia
Buruz Buruko finala, eguneko saiorik ikusiena, azken 5 urteetako daturik onenarekin
EITB
Igandeko emanaldiak %23,7ko audientzia zatia eta 264.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen.
Igandeko Buruz Buruko finala azken bost urteetako finalik ikusiena izan zen. Jokin Altuna 22 eta 14 gailendu zitzaion Aimar Olaizolari final gogor eta ikusgarri batean, eta bere lehen buruz buruko txapela irabazi zuen.
Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako final handia eguneko saiorik ikusiena izan zen: %23,7ko audientzia zatia lortu zuen, bere ordu tartean audientzia-buru bilakatuz, eta euskaldunen artean % 38,1eko kuota bereganatu zuen. Emanaldiak 264.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuen Euskadin eta eragin eremuan.
Igandeko kirol emanaldiak
Igande honetan, gainera, Italiako Giroaren azken etapa eskaini zuen Euskal Telebistak. Aurtengo Giroak harrera bikaina izan du: bataz beste, %4,3ko audientzia zatia eta euskaldunen artean % 7,8ko kuota bereganatu ditu zuzeneko 21 etapen emanaldietan. Halaber, 106.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan.
Halaber, ETB1en igande goizean ikusgai izan zen Zegama-Azkorri mendi maratoiak % 5,6ko audientzia zatia eta euskaldunen artean % 15,9ko kuota bereganatu zituen.