Itxi

telebista

Telesaila

Nor den nor 'La Víctima Número 8' telesailean

EiTB

Mediaprok, Telemadridek eta ETBk ekoitzitako telesailak atentatu jihadista bat du ardatz. Amaitzear da, Bilbon eta Madrilen grabatu ondoren.

1:27

Inguru naturalean, bai kanpoan bai barruan, grabatu den 'La Víctima Número 8'ren abiapuntua Bilboko Alde Zaharrean gertatutako atentatu jihadista bat da. Denboraldi erdian Madrilera lekuz aldatzen da istorioa, bertan askatuko baita, hain zuzen ere, korapiloa. Atentatuak hainbat pertsonaiari eragindakoen berri emango du telesailak. Hauek dira pertsonaia nagusiak:

Cesar Mateo Omar da. Marokon jaio zen, eta umetan bere gurasoek Gibraltarko itsasartea gurutzatu zuten bizimodu hobe baten bila, baina 'lehen munduan' egin zituen lehen urratsak ez ziren batere errazak izan Jamal familiarentzat. Omar arazoetatik urrun egoten saiatzen da. Duela urte batzuetatik hona, Edurne izeneko neska euskaldun batekin dabil. Edurnek gogor lan egiteko esaten dio, independentea izan eta lan hobea eskura dezan. Bata bestearentzat eginak daudela dirudi, bikote gisa denbora gutxi badaramate ere. Halaber, inguruan kontrakoa adierazten duten adibide asko ikusten baditu ere, gurasoen animoak eta neska-lagunaren grina ikusita, Omar erabat sinetsita dago itsasartea gurutzatu zuten etorkinen ametsa egia bihur dezakeela.

Maria de Nati Edurne da. 20 urte ditu eta erizain laguntzailea da. Bilboko auzo berean egin du bizitza guztia. Klase kontzientzia sendoa du, aitarengandik jaso duena, eta injustiziek eta boterearen gehiegikeriak ez dute kikiltzen. Hartara, zeharo maitemindu zen Omarrekin. Edurnek modu naturalean hartu du bere mutil laguna Marokokoa izatea. Bere familiari ez dio ezkutatu mutil-lagunaren jatorria eta 'moro' deitu edo bere arraza, jatorri eta erlijioarengatik mespretxatzen duen edozeini aurre egiteko prest dago.

Veronika Moral Koro dugu. Industriaren garai onenak ezagutu zituen familia bateko kidea da. Umetan ikastetxe onenetan ibili zen, eta euskal gizarteko pertsona aberatsenekin zuen harremana. Gaur egun, Ertzaintzan egiten du lan; 12 urte egin ditu bertan, eta, asko ahalegindu ondoren, ardurako lanpostua lortu du. Polizia bikaina da, intuizioa eta talentua ditu, eta bere lanean bete-betean sartuta dabil. Zazpi hilabeteko haurdun dago eta inork ez daki aita nor den. Are gehiago, inork ez zekien bikotekidea zuenik, eta ezustekoa izan da bera haurdun ikustea. Horren ardura izango da Bilboko erdigunean eraso jihadistaren ondorioz hainbat lagun hil dituen terrorista harrapatzea, kasua argitzeko ikerketaren burua baita. Lan aukera handia izango da, baina dena korapilatu egingo da hildakoak nortzuk diren jakin ondoren.

Marcial Alvarez Eche da. Eskola zaharreko kazetaria da, kalean atsedenik hartu gabe informazioa biltzen duen horietakoa. Kazetaritza da bere pasioa, eta bere lanbideak betetzen du bere bizitza. Bere bizitzako erreportajea iruzurra izan zen, eta epaitegietan bukatu zuen. Sosik gabe dago ordutik, lur jota. Egun batetik bestera, lana eta ohorea galdu zituen eta baztertu egin zuten. Egun, ezizenarekin sinatzen dituen erreportajeak idatziz ateratzen du bizimodua. Hori gutxi balitz, Eche gaixo dago, eta astean hirutan erietxera joaten da. Edurne ezagutuko du bertan, eta inoiz ez zukeen pentsatuko neska horren bidez benetako kazetaritzara itzuliko zenik.

Iñaki Ardanaz Gaizka da. Azkarate familiako anaia txikienak ikastetxe eta Ameriketako unibertsitate onenetan ikasi du, baina ez du bizitzak emandako aukerak baliatzen jakin. Harroa eta klasista da, eta sudur puntan jartzen zaiona egin nahi du beti. Familiako enpresa berarentzat izango zela uste zuen. Jose Maria Azkarate (Alfonso Torregrosa) aitak, ostera, beste asmo batzuk ditu, eta horiek ez datoz bat Gaizkaren asmoekin. Horrek ez dio inoiz barkatu Azkarate enpresa kudeatzeko konfiantzarik jarri ez izana.

Oscar Zafra Gorostiza da. Inteligentziako espioia da, terrorismoan aditua. Iragan iluna du, espioi bikoitza, konspiratzailea eta pertsona boteretsua, baina ez oso pertsona gomendagarrien konfiantzazkoa izan zelako. Gorostizak ez du eskrupulurik. Dirua atsegin du, eta baita informazioak ematen duen boterea ere. Ia jende guztiaren sekretuak dakizki, eta argi du, jende inportanteak goitik begiratzen dion arren, berak duen informazioak abantaila ematen diola. Lehenago edo geroago, bere esanetara egon daiteke edonor.

Farah Hamed Adila Jamal da, Omarren ama. Bera arduratu da bakar-bakarrik bere semeak hezteaz, Ibrahim (Khaled Kouka) lantegian lanean ari zen bitartean. Ez du senarraren itzalpean egon nahi izan. Ibrahimen ekimenik ezarengatik etxearen ardura berak hartu behar izan du. Bera semeak hezteaz arduratzen da, bertako ohiturei eutsiz, baina Marokoko tradizioak ahaztu gabe. Senarrarekin duen bikote harremana aspalditik etenda dago, baina, ekonomia eta kultur arrazoiak direla eta, ez da ausartu banatzera edo dibortziatzera. Halere, elkarren arteko harremana ez da txarra. Bakoitzak bere lekua du, eta elkarri laguntzen diote semeengatik.

Lisi Linder Almudena dugu. Cadizen jaio eta hezi zen. Familia apalekoa baina nortasun handiko emakumea da. Badaki inork ez diola ezer oparituko, eta zerbait lortu nahi badu, gogotik borrokatu beharko dela. Ez zegoen bere asmoen artean gizon aberats batekin ezkontzea, baina hala gertatu zen. Bere herriko inauterian, Gorka Azkarate (Iñaki Font) ezagutu zuen, anaietan zaharrena, eta elkarrekin maitemindu ziren berehala. Dena utzi zuen senarrarekin joateko. Iker semea izan zuten. Berak eta Gorkak amestu daitekeen guztia lortu dute. Zerk ilundu dezake bikote zoragarri hau?

'La Víctima Número 8'ren aktore taldea honako hauek osatzen dute: Alfonso Torregrosa Azkaratetarren patriarka dugu, Jose Maria; Itziar Lazkano Jose Maria Azkarateren emaztea da, Concha; Khaled Kouka Omarren aita da, Ibrahim; Moussa Echarif Omarren lagun mina da, Ahmed; Jesus Ruyman Kororen nagusia izango da; Itziar Aizpuru Adilak zaintzen duen Maria andrea da; Son Khoury eta Youssef Bougarouame haurrak Omarren anaia txikiak dira, Zakir eta Aissa, eta Auritz Salterain Gorka eta Almudenaren semea da, Iker.

'Vis a Vis' eta 'La Casa de Papel' telesailak sortu zituen taldeko zenbait kidek sortu dute 'La Víctima Número 8', eta Marc Cistaré da produktore exekutiboa, Alejandro Bazzano zuzendaria eta David Azcano argazki zuzendaria. Esther Moralesek, Abraham Sastrek, David Bermejok, Sara Antuñak eta Marc Cistarék idatzi dituzte telesailaren zortzi atalak.

Thriller gisa kontatuko historiak pertsonaiek sarraskiaren ondorioak nola bizi dituzten azaltzen du. Biktimak eta borreroak, erdi eta erdi dira kontakizunaren protagonistak. Ikerketaren helburua erasoaren arduradunak harrapatzea eta kontakizunak aurrera egiten duen eran sortzen diren galderei erantzutea da.

Euskal Telebista eta Telemadrid telebistek eta MEDIAPRO taldeak bultzatu dute proiektu hau, Globomedia eta K-2000 ekoiztetxeen bidez. Sare sozialetan honako profil hauetan egin daiteke telesailaren jarraipena:

Twitter: @LaVictimaN8

Facebook: La Víctima Nº8

Instagram: @victima_n8