telebista
ETB2
'A Bocados' saioa bigarren denboraldia grabatzen hasi da Donostiako kaian
EiTB
Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek gidatutako sukaldaritza saioak errezeta liburu bat ere argitaratuko du udazkenean.
Uda hondarretan gaude eta Euskal Telebistako saioak denboraldi berria prestatzen hasi dira. Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek gidatzen duten 'A Bocados' sukaldaritza saioak, eguraldi ona aprobetxatuz, kalean grabatuko ditu lehen bost programak. Donostiako kaian izan dira astearte goizez eta asteazkenean ere bertan izango dira.
Hauxe izango da bigarren denboraldiko nobedadeetako bat. Horrez gainera, udazkenean errezeta liburu bat kaleratuko dute Anderrek eta Gabrielak, saioan prestatutako platerekin.
Digytal etxeak eta Euskal Telebistak ekoiztutako programaren denboraldi berria irailaren 3an estreinatuko da. Orain arte bezala, iluntzean izango dugu ikusgai, 'Teleberri' albistegiaren aurretik. Jaki osasuntsuak eta goxoak prestatzen jarraituko dute Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte dietistak. Bi aurkezleen arteko harremanak egoera dibertigarriak sortuko ditu, nola ez.
Euskal Herriko ekoizle, abeltzain, fruta saltzaile, gozogile, nekazari eta arrantzaleek egiten duten lanari ere erreparatuko diote aurten.